Kontzejuen foru araua lantaldera itzuliko da, EAJ, PSE eta PPren eskutik

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko maiatzaren 15a

Herrien funtzionamendua arautzen du kontzejuen foru arauak. Argazkia: PHOT.OK

Foru gobernuak EH Bildurekin iaz erdietsi zuen akordioa bertan behera utzi du.

Kontzejuen foru arau berri bat lantzeko "lantalde espres" bat jarriko dute martxan Arabako Batzar Nagusiek, foru gobernuaren babesa izan duen PPren proposamenari jarraituz. Azken orduko erabakiak EAJk, PSEk eta EH Bilduk iaz hartutako akordioa baliogabetzen du, eta arauaren tramitazioa are gehiago luzatuko du.

Kontzejuen foru arauak hogeita hamar urte baino gehiago daramatza ukitu gabe eta gaurko errealitatera egokitzeko ezinbestekoa da arau berri bat onartzea. Horretan ados daude talde politiko guztiak.

Alta, iaztik onartuta dagoen akordioa "izoztuta" izan du foru gobernuak. Izan ere, joan den apirilaren 16an, EH Bilduk foru gobernuarekin adostutako araua erregistratu zuen, tramitazioan izandako atzerapenari erantzunez eta gaia arintzeko asmoarekin, eta duela hiru egun bira bat iragarri zuen Arabako herrietan, EAJren eta PSEren gobernuarekin iaz adostutako testua ezagutzera emateko.

Alta, ostegun honetan, Lurralde Orekako batzordean, EAJk eta PSEk kontzejuen foru araua adosteko lantalde berri bat sortzearen alde egin dute, PPk proposatu bezala. Horrela, batzar nagusiek izango dute herrien funtzionamendua ordenatzen duen araua idazteko ardura, eta ez exekutiboak. PPk argitu duenez, zehazki, hiru saioko lantalde espres bat egingo da, talde politiko guztien artean behin betiko testu bat egiteko, eta aurretik egindako lantaldearen ondorioetatik abiatuko da. 

Azken orduko aldaketaren harira, Eva Lopez de Arroiabe EH Bilduko bozeramaileak ahaldun nagusia fidagarria den zalantzan jarri du:  "Ramiro Gonzalezen hitzak eta sinadurak gaur ez dute inolako baliorik", esan du. "Arabako foru gobernuak bere konpromisoa bete izan balu, gaur egun foru arau on bat izango genuke" esan du Lopez de Arroiabek, eta ohartarazi du bigarren batzorde txostengilearen osaketak epeak luzatuko dituela eta foru araua legegintzaldi hau amaitu baino lehen onartzea arriskuan jartzen duela.

Bere ustez, gertatutakoa "interes alderdikoiek eta gure lurraldetik kanpo hartzen diren erabakiek Arabari kalte egiten diotela erakusten duen enegarren adibidea da". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago