Arabako Probintzia Auzitegiko herri epaimahaiak aho batez ebatzi du akusatua erruduna dela 2023ko maiatzean Gasteizen bere emaztea zena labankadaz hiltzeagatik. Epaiak frogatutzat jo du gizonak maltzurkeriaz jokatu zuela, eta hildakoak bere burua defendatzeko aukerarik izan ez zuela. Horrez gain, bi abortu delituren eta adingabe baten abandonu delituaren erantzule egin dute, bikotearen alaba txikia 18 orduz hildako amaren gorpuarekin bakarrik utzi baitzuen hotelean.
Epaian baztertu egin dira defentsak aurkeztutako aringarriak, hala nola nahasmendu mentala edo alkoholaren kontsumoa, eta akusatuak "kontziente eta borondatez" jokatu zuela berretsi dute. Fiskaltzak eta akusazioek 45 urteko kartzela zigorra eskatzen jarraitzen dute, baita alabarekiko guraso-boterea kentzea eta kalte ordain ekonomiko handiak ere, hilketaren unean emakumea bikiez haurdun zegoela eta alaba babesik gabe utzi zuela azpimarratuz.
Kasuak oihartzun handia izan du, ez bakarrik hilketaren krudeltasunagatik, baita segurtasun sistemaren akatsengatik ere. Krimena gertatu aurretik, biktimak "arrisku handiko" kalifikazioa zuen VioGen sisteman, baina Ertzaintzak maila hori jaitsi egin zuen emakumea salaketa kentzen saiatu ostean. Akats horrek Ertzaintzaren protokoloak aldatzea eragin du.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.