Arabako Foru Aldundiak alokairu programan sartuko diren landa eremuko etxebizitzak birgaitzeko lanak finantzatzeko diru laguntzak onartu ditu. Helburua da 20.000 biztanletik beherako udalerrietako etxebizitzek bizigarritasun, irisgarritasun, kontserbazio eta energia eraginkortasuneko beharrezko baldintzak bermatzea, aldundiaren babesarekin alokairu merkatuan sartzeko.
Guztira, 360.000 euroko aurrekontua du programak. Obrak eta berrikuntzak finantzatuko dira baita birgaitzearekin lotutako gastuak ere, hala nola ordainsari teknikoak, lizentziak, tasak eta berreskuratu ezin diren zergak.
Oro har, laguntzak diruz lagundu daitezkeen gastuen %20 estaliko du, eta gehienez 15.000 euroko diru laguntza emango da etxebizitza bakoitzeko. Birgaitzeak energia eraginkortasuneko jarduketak barne hartzen baditu, ehunekoa hiru puntu handituko da, eta gehieneko laguntza 17.250 eurokoa izan daiteke.
Diruz lagundutako obrak 2027ko ekainaren 30a baino lehen egin beharko dira erabat, eta, jarduketa amaitutakoan, foru zerbitzu teknikoek ikuskatuko dute etxebizitza, eskatutako bizigarritasun baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko, eta, ondoren, etxebizitzak alokatzeko berme programari atxikitzeko eskatu beharko da.