Jare

Hamabost urte bazterrak dantzaz josten

Anakoz Amenabar 2026ko maiatzaren 12a

300 bat lagunek osatzen dute Jare dantza taldea. Argazkia: JARE

Urtebetetzea ospatzeko, maiatzaren 16an, 'Josturetan barrena, dantzaz Jare' ikuskizuna aurkeztuko du Jare dantza taldeak.

Dantzaren bidez ametsak josten hasi zirenetik hamabost urte igaro dira, eta Jare dantza taldea bere garairik gozoenean dago. 2011ko urtarrilean, beste dantza talde batetik zetozen zazpi lagunek proiektu berri bati forma ematea erabaki zuten, dantzarekiko zuten grina beste balio batzuen gainean eraikitzeko. Gaur, hazi hura 300 lagunetik gorako familia bihurtu da, eta urteurrena ospatzeko, larunbat honetan Gasteizko erdigunea dantzaz hartuko dute 'Josturetan barrena, dantzaz Jare' ekitaldi bereziarekin; 12:30ean Probintzia plazan izango da lehen hitzordua, eta 13:30ean Santa Maria plazan bigarrena.

Taldearen izenak berak dakar berekin askatasun gosea, taldekideek gogoratu dutenez. Hasiera hartan, Arabako euskaran hitz esanguratsu baten bila aritu ziren, Koldo Zuazoren mendebaldeko euskalkiei buruzko liburuak arakatzen edota Landuchioren hiztegian sakontzen. Eta, halako batean, Zuberoako hitz batera heldu ziren: Jare. Izen hau Estremerako kartzelan jaio zen modu simbolikoan; izan ere, Zumai Olalde kidea preso zegoela, bere ziegakide Asier Badiola ondarrutarrak alaba izan berri zuen eta Jare izena jarri zion. "Aske" esan nahi duen hitz horrek ezin hobeto laburbiltzen zuen taldearen ametsa: loturarik gabe, presiorik gabe eta era askean dantzatzea.

Hasieratik proiektuaren asmoa balio berrietan oinarritutako dantza talde bat sortzea zen. Dantzaz gozatzea helburu, kideen arteko berdintasuna lehenetsiz, aurreko esperientzia txarrak atzean utzita. Tradizioa eta berrikuntza uztartuz, Gasteizko kaleak kulturaz blaitu eta auzokideekin harremanak estutzea zuten helburu, betiere euskara ardatz hartuta, bai talde barruan zein kanpoan ere.

Lehendabiziko pausoak ez ziren errazak izan, eta korapilo asko askatu behar izan zituzten bidean. San Prudentzio kaleko Alkartetxean hasi ziren ostiralero entsaiatzen, Fernando Belaskori esker aurkitutako espazioan. Musikariekin elkartzeko edota entsaio orokorragoak egiteko, berriz, Auzolana pilotalekua bihurtu zen haien babesleku. 2013an, taldea handitu zela ikusirik, Manuel Iradier txangolari elkartera aldatu ziren, eta ordutik, bi erakundeen arteko harremanak taldea egonkortu du, nabarmendu dutenez. "Izan ere, Jare ez da soilik emanaldiak ematen dituen talde bat; transmisio gune indartsu bat bihurtu da, umeentzako hastapen ikastaroekin eta helduentzako saioekin euskal dantzaren etorkizuna ziurtatuz".

Maiatzaren 16an, Probintzia eta Santa Maria plazak hartuko dituzte taldeko dantzariek. Argazkia: JARE

Ibilbide oparo honetan, mugarri ugari utzi dituzte Arabako lurretan. Villamaderneko jaietako lehen emanaldi hartatik, urteroko Barrena saioetara — udaberriarekin batera zazpi herrialdeetako dantzak plazaratzen dituzte—, dantza taldeak kultur agenda aberastu du urtez urte. Nork ez ditu gogoratzen Mairuelegorretako kobetako Amaia ezpatadantza, koba barruan ardi-larruz jantzita, edo Judimendiko San Juan suetako dantza magikoa? Baita Santa Ageda bezperako koplak, Olentzeroren etorrera Errotan, edota abesbatzekin egindako Kantuz kantu, dantzaz dantza saio kolektiboak ere.

Hamabost urte hauetan, Jarek lagun sare zabal bat josi du Euskal Herriko txoko askotako taldeekin: Gasteizko Adurtza, Kanpezuko Ioar, Pasaiako Alkartasuna, Donibane Lohizuneko Begiraleak edota Gernikako Elai-Alai, besteak beste. Eta larunbateko ekitaldiak Josturetan barrena izena izatea ez da kasualitatea; taldeak tradizioaren hari zaharra eta gaur egungo berrikuntzarena uztartu dituela adierazi nahi baitute. "Iturri zaharrak ur berria ematen jarraitzen duela aldarrikatu nahi izan dugu!". Probintzia plazan eta Santa Maria plazan erakutsiko dute hori larunbatean, 12:30etik aurrera.

Larunbateko plazetako saioen ostean, jaiak Auzolana pilotalekuan jarraituko du herri bazkari batekin. Han, hasierako sustraietara itzuliz eta bidean bidelagun izan diren guztiei eskerrak emanez, taldeak bere indarra erakutsiko du. "Bistakoa den moduan, haria ez da eten eta hasierako taldetxoa laster izango da adinez nagusi. Euskal kulturaren eta euskararen alde lan eskerga dugu egiteko, eta gogotsu gaude: jarrai dezagun urte askoan suaren gainean dantzan, Jare!".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago