Maiatzaren 15ean, urtero bezala, Palestinako herriak bere historiako zauri handienetako bat gogoratzen du: Nakba. Arabieraz hondamendia esan nahi duen hitz honek 1948an gertatutakoa izendatzen du, baina haren kausak XIX. mendearen amaierara garamatza, eta ondorioak gaur egun arte luzatzen dira. 2026 honetan, 78 urte igaro direnean, inoiz baino beharrezkoagoa da gertatutakoa gogoratzea eta gaur egungo egoerarekin lotzea.
Nakba ez zen gertakari isolatu bat izan, sionisten prozesu planifikatu baten ondorio zuzena baizik. Dalet Plana izeneko estrategiaren bidez, Israelgo estatu judua sortzeko helburuarekin, 750.000 palestinar baino gehiago euren etxeetatik kanporatuak izan ziren. Familia osoak ihes egitera behartu zituzten, askotan indarkeria zuzena erabiliz, eta gehienek ez dute sekula itzultzerik izan. Gaur egun oraindik, nazioarteko erakundeek —NBEk barne— palestinar errefuxiatuek itzultzeko duten eskubidea aitortzen duten arren,eskubide hori ez da inoiz bermatu.
Horregatik, Nakba ez da iraganeko pasarte bat soilik. Proiektu kolonial baten abiapuntua izan zen, garbiketa etnikoaren bidez gauzatua, eta ordutik hona modu jarraituan luzatu dena. Azken urteotan, gainera, dinamika hori areagotu egin da.
Izan ere, 2023ko urritik aurrera, hedabide askok arreta nagusiki Hamasek egindako erasoetan jarri dute. Testuingururik gabe azaldutako gertakariek, ordea, arriskua dute gatazkaren erro historiko eta politikoak ezkutatzeko. Palestinakoa ez da gaur hasi den gatazka bat, ezta bi alde berdinen arteko talkaren emaitza hutsa ere. Kolonialismo prozesu baten ondorio da, oraindik amaitu gabe dagoena. Ez dugu ahaztu behar, gainera, Hamas sortu baino lehenagotik existitzen zela sionisten kolonialismo eta okupazioa.
Askotan ematen den testuinguru faltak, eta euskaraz gai honen inguruan dauden iturri urriek, bultzatu ninduten honi buruz idaztera. Palestinaz hitz egitea ez da soilik elkartasun keinu bat: memoria historikoa berreskuratzea eta justizia aldarrikatzea da. Horren emaitza da Elkar argitaletxearekin kaleratu berri dudan Olibondoaren herria liburua. Nire asmoa, lan honen bitartez, Palestinako auzia gizarteratzea eta jendearengan kontzientzia piztea da.
Nakbaren urteurren honetan, beste gatazka batzuen —hala nola Iranen aurkako erasoen— itzalpean geratu den errealitate hau berriz ere azaleratzea inoiz baino garrantzitsuagoa da. Palestinan gertatzen ari dena ez da urruneko kontu bat: gure begien aurrean gertatzen ari den genozidioa da. Horregatik, ezinbestekoa da isilik ez geratzea, eta Palestinaren inguruan hitz egiten jarraitzea.
Markel Elortza
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.