LGTBI+fobia kasuek gora egiten jarraitzen dute

Anakoz Amenabar 2026ko maiatzaren 11

LGTBIQ+ harrotasunaren nazioarteko eguneko manifestazioa, Gasteizen. Argazkia: ALEA

Kasuen gorakada detekzio tresnak sendotzearen ondorio ere badela nabarmendu du Ikusgunek.

Ikusgune Arabako LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiak kezka agertu du joan den urteko datuen aurrean: guztira 30 intzidentzia erregistratu dituzte lurraldean. Zifra honek goranzko joera berresten du. Halere, igoera hori indarkeriaren hazkundeari ez ezik, detekzio tresnak sendotzeari eta herritarren kontzientziazioari ere zor zaiola uste dute Ikusgunen, gero eta eraso gehiago identifikatzen baitira. 

Gorroto diskurtsoek atal nabarmena dute Behatokiaren azken txostenean, 11 kasu zenbatu baitituzte. Ohartarazi dutenez, diskurtso horiek ez dira isolatuak, eta azpimarratu dutenez, lotura zuzena dago hitzezko indarkeriaren eta eraso fisikoen artean, lehenengoek intentsitatean gora egin ahala bigarrenak eragiten baitituzte.

Tipologiari dagokionez, homofobia –12 kasu– eta transfobia –10 kasu– dira oraindik ere ohikoenak Araban. Hala ere, 2025eko datuek lesbofobiaren gorakada kezkagarria utzi dute agerian: 4 kasu atzeman dira, orain arteko kopururik altuena. Horrez gain, enebefobia —pertsona ez-binarioen aurkako gorrotoa— eta bifobia kasuak ere erregistratu ditu Behatokiak, diskriminazio formen aniztasunaren isla.

Erasoak non gertatzen diren aztertuta, eremu publikoa da agertoki nagusia, baina indarkeria eguneroko bizitzako beste gune batzuetara ere zabaltzen da, hala nola lantokietara, ikastetxeetara eta, kasuen %14an, eremu pribatu zein familiarrera. Intzidentzia gehienak Gasteizen kontzentratzen diren arren, % 86, Arabako beste eskualde batzuetan ere detektatu dituzte erasoak, Aiaraldean, Añanan eta Gorbeialdean kasu. Hiriburuaren eta landa eremuaren arteko aldea biztanle dentsitateari eta Ikusguneren ezagutza mailari egozten diote, baina argi utzi dute LGTBI+fobia lurralde osoan dagoen errealitate bat dela eta prebentzio neurriak nonahi beharrezkoak direla.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago