Tokikom Liga abiatu da Egunean Behin jokoaren denboraldi berrian

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko maiatzaren 11

Parte hartzeko telefono mugikorra eta gogoak behar dira. Argazkia: TOKIKOM

Sakelako telefonoetarako jokoak 21. denboraldia hasi du gaur. Tokiko hamar hedabidek parte hartuko dute Tokikom Liga berrian.

Egunean Behin sakelako galdera eta erantzunen jokoak 21. edizioa abiatuko du maiatzaren 11n. ALEA parte den TOKIKOM komunikabide taldea izango da denboraldiaren babesle nagusia eta, jokoa garatzen duen CodeSyntax enpresarekin batera, berrikuntza dakarte: Tokikom Liga, hedabide-eskualdeen arteko norgehiagoka.

Orain arte, Egunean Behinen jokoan lehiatzeko bi modu egon dira: jokalari guztien arteko sailkapen orokorrean, edo nahierara sor daitezkeen taldeetan: herrikoa, familiakoa, lagun kuadrillakoa…

Bada, gaur hasi eta bederatzi astez luzatuko den 21. denboraldian, lehiatzeko hirugarren aukera bat ere izango da: hedabide-eskualdeka osatutako hamar talde, tartean ALEA izena. Talde horiek mugatuak izango dira, eta jokalari bakoitzak bakar batean eman ahalko du izena. Denboraldi honetarako hauek izango dira aukerak: 28 Kanala (Tolosaldea), Aiurri (Beterri-Buruntza), Anboto (Durangaldea), Arabako Alea (Arabar guztiei irekia), Barrena (Debabarrena), GiTB (Goierri), Goiena (Debagoiena), Guaixe (Sakana), GUKA (Urola Kosta) eta Hiruka (Uribe Kosta). 

Taldeetako bakoitzak bere sailkapen eta barne lehia propioa izango du, eta hedabide bakoitzak eskainitako sariak ere bai. Horretaz aparte, taldeon arteko lehia ere izango da. Egunero jokatzen duten jokalarien batez besteko puntuazioetan oinarrituta, eskualdeen arteko rankinga ere argitaratuko da, eta horrela astez aste ikusiko da zein eskualde nagusitzen den jokoan.

Taldeen ezaugarri bereziak
Hedabide-eskualdekako taldeek ezaugarri bereziak izango dituzte.

  • Batetik, parte hartu nahi duten jokalariek taldeotako bakarra aukeratu beharko dute.
  • Talde arrunten kasuan, orain arte bezala, nahi bestetan parte hartu ahalko da.
  • Horretarako aukera profila editatzeko aukeretan aurkituko dute (pantailaren goiko aldean ezkerrera). Bertan azalduko da hedabide-eskualdea aukeratzeko menu bat.
  • Talde horietan izena emateko profileko informazioa osorik bete beharko da, sarien kudeaketa errazteko.
  • Gainera, hedabidetako bakoitzak bere sariak izango ditu, jokalarien artean zozketa bidez banatuko direnak. 

Eskualdeen arteko eta jokalarien sailkapena jakinaraziko dira astero. ALEA eta Arabako izen onaren alde egin nahi dutenek, beraz, Egunean Behin instalatu eta ALEAn izena ematea baino ez dute!

Aplikazioa eskuratu eta TOKIKOM Ligaren bilakaera ikusteko eguneanbehin.eus/tokikom helbidera jo daiteke. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago