San Prudentzio eguneko mezan Juan Carlos Elizalde gotzainak Espainiako Gobernuaren kontra esandakoek hautsak harrotu ostean, Gasteizko elizbarrutitik heldu da gotzainaren jarreraren kontrako kritika. Gutun ireki bat zuzendu diote gotzainari 52 apaizek, azken hamar urteotan metatutako "nahigabea" helarazteko.
Idazkian azpimarratzen dutenez, gotzaina iritsi zenetik "mesfidantza giroa" nagusitu da, eta apaiz eta laiko askok ez dute euren burua baloratuta sentitu. Elkarrizketarako "borondate eskasa" egozten diote elizburuari, eta hark hartutako erabaki askok, tartean homiliak zein kargu aldaketak, elizbarrutia banatu eta gatazka sortu dutela salatu dute.
Testuan gogor kritikatzen dute aurretik zegoen ibilbide pastorala etetea eta kanpoko eredu zein mugimenduak (Opus Dei) inposatzea, "bertako tradizioa eta elizbarrutiko nortasuna kontuan hartu gabe". Kudeaketa mailan, gardentasun falta nabarmendu dute kontseiluen osaketan eta seminarioaren kudeaketan. Gainera, emakumearen bazterkeria eta laikoen paper sekundarioa salatu dituzte, "eliza klerikalago eta bertikalago baten aldeko hautua" egin duelakoan.
Dimentsio teologikoan ere alde handiak daudela adierazi dute, "gotzainak sakramentuetan eta apaizgoan soilik jartzen duelako arreta", justizia soziala, txiroen aldeko hautua eta herriari lotutako espiritualtasuna alde batera utzita. Gotzainari elizbarrutiko errealitate kulturala eta kleroa bera errespetatzea eskatu diote.