Euskal Herriko historia politiko garaikidean mugarri izan ziren Txillarre baserriko (Elgoibar) ezkutuko elkarrizketak pantaila txikira iritsiko dira ostiral honetan. Asier Ibaibarriagak eta Edurne San Martinek zuzendutako Txillarreko sukaldaria filmak prozesu horren guztiaren lekukotza jaso du, eta bihar ikusgai izango da ALEAren webgunean, 22:00etan; Hamaika telebistak, Kanaldudek, Berriak eta beste zenbait tokiko hedabidek eskainiko dute.
Pello Rubio sukaldariaren ekimenez, 1999 eta 2005 urteen artean, Arnaldo Otegi eta Jesus Egiguren bezalako buruzagiak elkartu ziren mahaiaren bueltan, ideologia desberdinen arteko zubi lanak eginez. Topaketa haiek Loiolako bileren eta gerora etorriko zen bake prozesuaren oinarri izan ziren, gatazka armatuaren amaiera ahalbidetu zuen elkarrizketa giroa sustatuz.