"Inbertsio faltak ezin du Forondako etorkizuna mugatu"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko maiatzaren 6a

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldu nagusia gaurko bilkuran. Argazkia: AFA

Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko aldebiko organoari planteatuko dio foru aldundiak Forondan terminal berri baten beharra.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak aldarrikatu du Forondako aireportuak bidaiarien terminal berri bat behar duela. "Foronda hazten ari da, helmuga eta konpainia berriak erakartzen ari da, eta ezin dugu onartu inbertsio faltak etorkizuna mugatzea", adierazi du, eta azpimarratu du Arabak eta EAEk  500.000 bidaiari baino gehiago izateko prestatutako aireportua behar dutela, "terminal berria eta zerbitzu hobeak dituena lehiakortasuna eta aukerak irabazten jarraitzeko".

Arabako Batzar Nagusien osoko bilkuran ahaldun nagusiak azaldu duenez, Foronda estatuko laugarren zama aireportua da, eta 375.000 bidaiari hartzeko bidean da aurten. "Baina AENAren inbertsioak hazkunde horren parean egotea behar dugu".

Gonzalezek adierazi duenez, Foronda bere historiako unerik onenean dago bidaiarien trafikoan. "2023an marka historikoa hautsi zuen, 309.929 bidaiarirekin, eta 2026ko lehen hiruhilekoan 67.465 bidaiari izan ditu, 2025eko aldi berean baino %33 gehiago". Aldundiaren aurreikuspenen arabera, aurten 375.000 bidaiari erakarri ahal izango ditu aireportuak, Madrilekin eta Bartzelonarekin dituen konexioek eta udako helmuga berriek bultzatuta, hala nola Kanaria Handietara eta Menorcara.

Aldundiak bidaiarien geltoki berriaren proposamena Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean sortutako aldebiko organoari helaraziko dio. "Forondak hegazkin konpainientzat erakargarria dela erakutsi du. Orain inbertsioek hazkunde hori lagundu behar dute", adierazi du ahaldun nagusiak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago