Luis Aranburu udal musika eskolak organo bat jaso du Floren Unzuetaren dohaintzari esker. "Unzuetak musikari, interpretazioari eta ikerketari eskaini dio bere bizitza. Orain, bere eskuzabaltasunari esker, musika eskolak eta bertako ikasleek haren legatuarekin aurrera jarraitu ahal izango dute, antzinako musikaren transmisioan lagunduz, iraun dezan eta ezagutu dadin", nabarmendu du Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak instrumentuaren aurkezpenean.
Unzuetak (Aramaio, 1941) Gasteizko Seminarioan egin zituen apaiz ikasketak eta, gero, Ekuadorrera joan zen misiolari. Itzuli zenean, filosofia eskolak eman zituen Ikasbidea ikastolan eta organoa ikasi zuen Jesus Guridi musika kontserbatorioan. Prestakuntza horri esker, organista titular gisa jardun ahal izan zuen Santa Maria Katedralean eta San Pedro elizan. Aipagarria da, halaber, musikaren arloan egindako ikerketa lana, dokumentazioa biltzeko, inbentariatzeko eta digitalizatzeko lan handia egin baitu. Hain zuzen ere, lan horri esker, 2024an, Gasteizko Elizbarrutiko Musika Ondarearen Artxibo berria ireki ahal izan zuten.
Unzuetak bere etxean zuen organoa, eta han egin izan ditu ikerketa lanak. Ikasturte honetan, Iñaki Canton organogile gasteiztarraren lanari esker, instrumentua desmuntatu, garraiatu, muntatu eta afinatu ahal izan dute, eskolako antzinako musika gela izango den tokian jartzeko. Dohaintza horri esker, hurrengo ikasturtean, organo eskolak eskaini ahal izango dituzte.