+55 Elkartegiek irizpide sozialak aintzat hartuko dituzte

Juanma Gallego 2026ko maiatzaren 6a

Ignacio Aldekoan ez ezik, Araba osoan hitzaldiak eta tailerrak egiten dituzte. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Hilaren 20ra arteko epea dago proposamenak aurkezteko. Norbanako, autonomo eta enpresei irekita dago deialdia.

+55 Elkartegien programarako jarduera proposamenak aurkezteko epea ireki du gaur aldundiak. Foru erakundeak Ignacio Aldekoa Kultur Etxearen bidez kudeatzen duen programarako deialdia pertsona partikularrei, profesional autonomoei, enpresei eta elkarteei zabalduta dago. Aurten deialdiak irizpide sozialak txertatuko ditu proposamenen ebaluazio prozesuan, kalitate teknikoarekin batera. Maiatzaren 6tik 20ra bitartean aurkeztu ahal izango dira. Besteak beste, esperientzia, genero ikuspegia, euskara, tolerantzia, gizarte inklusioa eta kultura aniztasuna sustatzea baloratuko dituzte.

"Helburua da programaren jarduera poltsa zabaltzen jarraitzea, 2024 eta 2025eko deialdietan bildutako eskaintzari proposamen berriak gehituz", azaldu du aldundiak, ohar batean.

55 urtetik gorako pertsonei zuzendutako jarduera soziokulturalen programak "zahartze aktiboa eta parte hartze kulturala sustatzeko" helburua du. Programak hiru kategoria ditu: Gasteizen egiten diren ikastaroak, lurralde osoan egiten diren tailerrak eta hainbat formatu eta iraupenetara egokitako hitzaldiak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago