Ekitaldiak ele bitan egin behar direla ohartarazi diote Saskibaloi Federazioari

Juanma Gallego 2026ko maiatzaren 6a

Kirol federazio guztiei gogorarazpen oharra bidali die aldundiak. Argazkia: AFA

Iaz egindako sari banaketa batean "eskerrik asko" izan zen euskaraz entzundako esaldi bakarra. Aldundiak federazioari oharpena egin zion, kexa jaso eta sei egunera.

Diruz lagundutako ekitaldietan bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatzeko betebeharra duela ohartarazi dio Arabako Foru Aldundiak lurraldeko Saskibaloi Federazioari. Ekitaldia iazko ekainaren 7an izan zen, eta egun horretan bertan jaso zuen aldundiak Hizkuntza Eskubideen Behatokiak jarritako kexa bat. Hori jaso eta sei egunera bidali zion ohartarazpena federazioari Juanjo Rojo Kirol zuzendariak.

Behatokiak aurkeztu zuen idazkiaren arabera, 16 urtera arteko eskola kategorietako sari banaketaren ekitaldia ia osorik gaztelaniaz egin zen, eta euskaraz "eskerrik asko" baino ez zen entzun. Banatutako garaikurrek ere gaztelaniazko inskripzioak baino ez zituzten. Ekitaldian aldundiko eta Gasteizko Udaleko kirol ordezkariek parte hartu zuten.

Aldundiko Kirol Zuzendaritzak ekainaren 13an bidalitako gutunean Rojok gogorarazi zuen kirol federazioei ematen zaizkien diru laguntzen oinarri arautzaileen 5. artikuluak argi zehazten dituela hizkuntza betebeharrak. Zehazki, diruz lagundutako jarduera eta ekitaldietan euskararen erabilera bermatu behar dela, baita aurkezpenetan eta agurretan ere.

EH Bildu batzarkide taldeak egindako galdera bati Kultura eta Kirol sailak atzo emandako erantzunean ezagutu da iazko oharpen hori. Horrez gain, aldundiak ezagutarazi du ekainaren 19an Arabako kirol federazio guztiei ohar bat bidali ziela, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Legean jasotako hizkuntza betebeharrak gogorarazteko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago