Sahararen autodeterminazio eskubidea aldarrikatu dute batzar nagusiek

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko maiatzaren 5a

Saharar herriaren aldeko kontzentrazioa Gasteizen. Argazkia: ALEA

Mozioa EH Bilduk eta EAJk aurkeztu dute, eta Elkarrekin Araba eta PP taldeen babesa jaso du. PSEk aurka bozkatu du.

Arabako Batzar Nagusiek Sahararen autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen duen mozio bat onartu dute astelehen honetan, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zeneko 50. urteurrenaren harira.

EH Bildu eta EAJ aurkeztu duten mozioan hainbat eskaera egiten diote Espainiako Gobernuari; zehazki, 1975eko deskolonizazio araudia eta akordio hirukoitzak bertan behera utz ditzala, eta fronte polisarioari estatus diplomatikoa eman diezaiola, Saharako herriaren ordezkari gisa. Gainera, Europako Batasunaren eta Nazio Batuen esparruan beharrezko ekimen politiko eta diplomatiko guztiak susta ditzala galdegin dute, lurraldearen legez kanpoko okupazioari amaiera emateko; eta Nazio Batuek babestutako Bake Planaren arabera irtenbide justu eta behin betiko baterantz aurrera egiteko.

"Irtenbide negoziatua"

Mozioak Elkarrekin Araba eta PP batzarkide taldeen babesa jaso du, baina PSEk aurka bozkatu du eta ordezteko mozioa aurkeztu du, autodeterminazioaren ordez "elkarrizketan oinarritutako irtenbide negoziatua" aipatzen duena.

Autodeterminazio eskubidea babesteaz gain, Saharako herriak bere aberastasun eta baliabide naturalen gainean duen subiranotasuna bere herritarren onerako baliatu behar dela aldarrikatu dute Arabako Batzar Nagusiek. Marokori eskatu diote Saharako lurraldetik irteteko, "potentzia okupatzailea den aldetik", ken ditzala Saharako Errepublikaren independentzia politikoari, subiranotasunari eta lurralde osotasunari jartzen dizkion oztopo guztiak, eta eten ditzala giza eskubideen defendatzaileen aurkako "jazarpenak, mehatxu, errepresalia, askatasun gabetze eta kanporatze praktikak".

Preso politikoak ere aipatzen dituzte mozioan, eta kezka adierazten dute haien egoeragatik, eta Espainiari eta Europako Batasunari eskatzen diete laguntzarik ez ematea nazioarteko legeria urratzen duen edozein jarduerari, eta babes dezatela autodeterminazio eskubidea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago