Langileen Nazioarteko Egunaren aurtengo leloek hainbat gai jarriko dituzte erdigunean: gerraren kritika, bizitzaren garestitzea, soldata eta pentsio duinen beharra, eta zerbitzu publikoen indartzea. Halaber, gazteen eta emakumeen lan prekarietatea salatuko dituzte. LAB, UGT, CCOO, ESK, Steilas, CNT eta CGT sindikatuek manifestazioak antolatu dituzte eguerdian Araban.
Gainera, aurtengo deialdiek testuinguru berezia dute, azken hilabeteetan lan arloko mobilizazio ugari izan baitira herrialdean: industria sektorean, Tubos Reunidos eta Maderas de Llodio enpresen langileenak, eta arlo publikoan, Arabako esku hartze sozialaren sektorean dagoen gatazka, esaterako. Horregatik, mobilizazioetan sektore askotako gatazka horiek guztiak islatuko dira.
Martxoan egindako greba orokorrak parte hartze handia izan zuen eta milaka lagun atera zirela kalera lan baldintzak hobetzearen alde. ELA, LAB eta ESK sindikatuek adierazi dute mobilizazio horien ildotik jarraitu nahi dutela, langileen eskubideen defentsa indartuz.
Derechos no trincheras
CCOOk eta UGTk azpimarratu dute nazioarteko eszenatoki ezezagun eta nahasi batean egiten diotela aurre Maiatzaren Lehenari, "non erabaki politikoek eta belizisten erokeriek joko arau globalak hankaz gora jartzen ari diren". Barne mailan, irmo defendatu dute "elkarrizketa sozialak Euskadin indarrean jarraitzea", ziurgabetasun garaietan ziurtasunak emateko tresnarik eraginkorrena baita.
Ohi bezala, manifestazioa antolatu dute Gasteizen, Derechos no trincheras, soldata, etxebizitza eta demokrazia lelopean. 12:00etan aterako da martxa Andra Maria Zuriaren plazatik.
Langileok eragin.
"Gerraren eta bizitzaren garestitzearen aurrean, langileen aldeko politikak" aldarrikatuko ditu LABek Maiatzaren 1ean. Orotara 26 manifestazio egingo ditu sindikatuak Euskal Herrian; Langileok eragin lelopean, langileek bizimodu duina bermatzeko ezinbestekoak dituzten hiru neurri aldarrikatuko ditu: etxebizitza eskubidea, kalitatezko zerbitzu publikoak eta soldata nahiz pentsio duinak. Gasteizko manifestazioaz gain, Oionen eta Laudion manifestazioak antolatu ditu LABek.
- Oion 12:30 Herriko plazan.
- Gasteiz 12:30 Probintzia plazan (Diputazioa).
- Laudio 12:00 Herriko plazan.
Kapitalismoa, inperialismoa borrokatu.
ESK, Steilas, CNT eta CGT sindikatuak batera mobilizatuko dira, eta Europa Jauregitik aterako da manifestazioa, 12:30ean, Langileok batu, inperialismoaren kontra, bizitzaren alde lelopean.
"Maiatzaren 1 honetan, langileok kalera aterako gara bai gobernuei bai patronalei erakusteko ez dugula onartuko gure kontura aberasten jarraitzea, gu pobretzen gaituzten bitartean", adierazi du ESK-k. "Are gutxiago, hori guztia gerrak eta esku-hartze inperialistak justifikatuz egitea, ekinez edo ez ikusiarena eginez".