Luis Mari Bengoa omenduko du Arabako Diputazioak

Anakoz Amenabar 2026ko apirilaren 30a

Maiatzaren 9an egingo diote omenaldia, Agurainen. Argazkia: AFA

Landa munduaren eta tradizioen bozgorailu nagusietako bat izateagatik omenduko dute Agurainen, maiatzaren 9an.

Arabako Foru Aldundiak Luis Mari Bengoa (Otxandio, 1945) omenduko du, bere ibilbide osoan landa eremuaren, herri kirolen, euskararen eta arabar nortasunaren defentsan egindako lan eskerga aitortzeko. Maiatzaren 9an Agurainen egingo duten omenaldi honen bidez, erakundeak lurraldearen esker ona adierazi nahi dio "euskal kultura eta lehen sektoreko balioak gizartean ikusarazten eta duintzen" lagundu duen erreferente nagusi bati.

Aldunditik nabarmendu dutenez, Bengoak hamarkadak daramatza tradizioen eta baserritarren lanaren bozgorailu izaten, estereotipoei aurre eginez eta herri kultura talde nortasunaren oinarri gisa kokatuz. "Haren lana funtsezkoa izan da belaunaldien arteko transmisioa bermatzeko eta lurrarekiko lotura gizarte kohesiorako zein etorkizuneko konpromisorako tresna bihurtzeko".

Urte askoan ETBko Sustraia saioaren aurpegi ezagunena izan zen Bengoa, baserritarren eta arrantzaleen egunerokoa euskal etxeetara hurbilduz. Kazetaritzan egindako bide horri esker, landa munduaren eta tradizioen bozgorailu nagusietako bat bihurtu zen. Komunikazioaz harago, gainera, herri kirolak sustatzeko lanean aritu da urte askoan, plaza zein txapelketa ugariren antolatzaile gisa. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago