Atertu bezain laster, milaka lagun Armentiara

Anakoz Amenabar 2026ko apirilaren 28a

Bezperako euri jasaren ostean, atsedena eman du San Prudentziok arabarren egun handian, eta milaka festazale bildu dituzte Armentiako zelaiek.

Eguneko lehen ekitaldiak hirigunean izan dira. Arabako Foru Aldundiko txistulari eta tronpeta jotzaileek ohiko Zortzikoa jo dute, Probintzia jauregian, egun handia iragartzeko. Eta, jarraian, Armentiara abiatu dira, tradizioari jarraituz erromeriaz gozatzera.

Ohi denez, ekitaldi erlijiosoak izan dira goiztiarrenak. Juan Carlos Elizalde gotzainak meza eta prozesioa zuzendu ditu, eta ondoren ohorezko aurreskua dantzatu dute agintarien aurrean. Bien bitartean, Aramangelu fanfarreak egin die ongi etorria erromeriara batu direnei, eta, eguraldia lagun, herritarrek taloa, erroskilak eta bestelako produktuak dastatzeko aukera izan dute ibilbidean jarri dituzten dozenaka postuetan. 

Goizean, besteak beste, haurrentzako jolasak, herri kirolak eta euskal dantzak izan dira protagonista, eta arratsaldean ere ez da faltako jairik Armentian. Gauera arte luzatuko da festa zelaietan. Txapela Bravaren rantxerak 18:00etan izango dira, eta Aldaia Larrein taldearen rock kontzertua, 21:00etan. 

Argazkiak: EKAITZ ANDA / ALEA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago