Agiria aurkeztu dute lurra eta justizia sozialaren defentsan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko apirilaren 27a

Larunbatean aurkeztu dute agiria eta sinatzaileak. Argazkia: EH BIZIRIK

Dozenaka eragilek babestutako lurraren defentsaren aldeko manifestua plazaratu du Euskal Herria Bizirik sareak. Manifestazioa deitu dute Gasteizen, maiatzaren 23an.

Euskal Herria Bizirik sareak lurraren defentsaren aldeko berrogeita hamar bat eragilek babestutako manifestua argitaratu du larunbat honetan. Egungo larrialdi ekologikoaren egoera aztertu dute agirian, eta lurraldeko ekosistema natural zein landa eremua mehatxatzen dituzten industrializazio politikak salatu dituzte.

Halaber, sareak Makroproiekturik ez! lemapean datorren maiatzaren 23an Gasteizen egingo den  mobilizazioan parte hartzeko deia egin du. Egungo eredu ekonomikoaren aurrean, lurraren defentsa aldarrikatzea da eta "erakundeek zein korporazio handiek bultzatutako ingurune naturalen eta landa eremuaren suntsiketa gelditzea".

Agiriaren sinatzaileen artean daude Guggenheim Urdaibai Stop, Gure Haizea, Haizeak Bizirik, Horrela Ez Badaiotz, AHT Gelditu! Nafarroa, AHTrik Ez Arabako Haranak, Ekologistak Martxan, SOS Margarita, SOS Sollube edo Araba Bizirik bezalako taldeak.

"Ekimena krisi ekologiko globalari erantzuna emateko asmoarekin aurkezten da, planetako bederatzi muga biofisikoetatik zazpi segurtasun eremutik kanpo baitaude dagoeneko". Manifestuaren arabera, egoera hori ez da kasualitatea, etengabeko hazkunde ekonomikoan eta erregai fosilen erabilera masiboan oinarritutako ekoizpen eta kontsumo eredu baten eragina dela dio.

Industrializazio berdea

Sinatzaileek salatu dutenez, "elite politiko ekonomikoek" proposatutako konponbideak merkatu hobi berriak aktibatzeko saiakera bat besterik ez dira, "industrializazio berdearen" itxurapean. Kontrara, agiriak jasotzen duenez, ezinezkoa da egungo larrialdia gainditzea metaketa kapitalistaren eredua zalantzan jarri gabe, eredu horrek irabazi ekonomikoa lehenesten baitu ongizate globalaren gainetik.

"Politikari eta enpresarien inposizioaren aurrean", justizia soziala eta natura babestea helburu harturik, lurra defendatzen jarraituko dutela adierazi dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago