"Etxera bueltan" da ETS, Gasteizen emango duen kontzertu handi batekin

Anakoz Amenabar 2026ko apirilaren 26a

Bartzelonako Palau Sant Jordi bete zuen taldeak joan den apirilaren 11n. Argazkia: MARIO LEZAUN/ETS

Astelehenean hasiko da aurretiko salmenta, eta asteartean salmenta orokorra.

Bartzelona eta Madrilgo kontzertuen ostean, etxera bueltan da ETS taldea. Eta emanaldi handi batekin egin nahi dute, gainera. Atzo bertan iragarri zutenez, Etxean ikuskizuna Gasteizen aurkeztuko dute, Buesa Arena pabiloian, 2027ko martxoaren 20an. Aurre salmenta bihar abiatuko dute, eta ohiko salmenta asteartean hasiko da.

Madrilgo Movistar Arena eta Bartzelonako Palau Sant Jordi bete ondoren, talde arabarrak bere sustraietara itzultzea erabaki du proiektu berri honekin. "Kontzertua Araban izango da, guztia hasi zen tokian. Ikuskizun berria izango da, oraingorako propio sortua, eta kulturaren, tradizioaren, transmisioaren eta jaien inguruko ospakizun handi gisa planteatu dena", azaldu dute.

Ikuskizunaren ezaugarririk deigarriena bere formatua izango da, 360 graduko diseinua erabiliko baitute. Eszenatokia pabiloiaren erdian kokatuko dute, publikoa taldearen inguruan egon dadin, "distantziak ezabatu eta esperientzia hurbilagoa eta ahaztezina sortzeko asmoz". Hogei urte baino gehiagoko bidea beteta, ikuskizun berria horren guztiaren emaitza izango da: "Etxera bueltatu, ospatu eta datorrenari begira jartzeko jaia".

Sarreren salmenta prozesua berehala hasiko da. Astelehenean, hilak 27, aldez aurreko salmenta egingo dute izena eman dutenentzat euren sare sozialetan, eta sarrera orokorra apirilaren 28an jarriko dira salgai, 11:00etan, taldearen kanal ofizialen bidez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago