Arabako suhiltzaileen gehiengo zabal batek ( %73k) aldundiarekin adostutako lan hitzarmenaren alde egin du, eta modu horretan hamar urte eta gero lehen lan hitzarmena izango dute Arabako Suhiltzaileen Erakunde Autonomoko langileek.
Orain arte, hitzarmenik gabe zegoen Euskadiko erkidegoko zerbitzu publiko bakarra zen. "Erakunde hori sortu zenetik, aldarrikapen nagusia izan da langileak zuzenean aldundiarenak izatea, erakunde autonomoa izan ordez. Hori, ordea, denboran luzatu da, Arabako aldundiaren borondate faltagatik", deitoratu dute langileek.
Hitzarmenik gabe igaro duten urte hauetan, lan baldintzak "une bakoitzean agintean zegoen kudeatzailearen borondatearen mende zeuden", azaldu dute suhiltzaileek. "Unerik onenean Udalhitz aplikatu zaigu, tradizioz, baina egoera gatazkatsua izan denean, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan jasotako gutxieneko eskubideak baino ez ditugu izan", kritikatu dute.
Aldundiko beste langileen eskubideak
Orain adostu duten lehen hitzarmenak suhiltzaileen zerbitzuaren berezitasunak jasotzen ditu, eta langileen eskubideak Arabako Foru Aldundiko plantillakoekin parekatzen ditu, hori baitzen aldarrikapen nagusietako bat.
Halaber, kronograma bat ezarri da zerbitzuaren barruan egiteke dauden eta ezinbestekoak diren beste lan batzuei aurre egiteko, hala nola larrialdi egoeretan langileek ezohiko deialdiak egiteko prozedura edo lanpostuen balorazioa. "Larrialdi zerbitzu bat diseinatzeko funtsezko gaiak badira ere, ez dira hamar urtean landu, eta orain datozen hilabeteetan adosteko epeak ezartzen dira", azaldu dute suhiltzaileek.
Ildo horretan ere azpimarratu dute oraindik erronka handiak dituztela, hala nola egitura operatiboa egonkortzea –erdi mailako arduradunak eta suhiltzaile gehiago txanda bakoitzeko–, oposizioak egitea, ezohiko larrialdiak antolatzea, eta lanpostuen balorazio egokia egitea.