Tristuraz hartu dute Victor Quintasen heriotza

Juanma Gallego 2026ko apirilaren 23a

Profesionalak utzi duen hutsunea nabarmendu dute askok. Argazkia: QUINTAS

Arabako azken hamarkaden lekuko izan den argazkilari arabarra gaixotasun luze baten ondoren zendu da.  

Gaixotasun luze baten ondoren, Victor Quintas argazkilari arabarra zendu da. Urte luzez Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren argazki zerbitzua berak fundatutako enpresaren esku egon direnez, azken urteotako lurraldeko gertakari gehienetatik geratu den oroimen grafikoak haren zigilua eraman du. 

David eta Juan anaiekin batera, Quintas Fotógrafos enpresan lurraldeko historia eta istorioak irudietara eraman dituen profesionalak utzi duen hutsunea nabarmendu dute Arabako kulturaren eta gizartearen eragile askok. Instituzioekin egindako lanaren hurbiltasunetik abiatuta, politikari arabar asko penatu dira Quintasek utzitako hutsuneaz, eta gehienek haren aldarte ona goraipatu dute.

Kasurako, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak esan du "goiz batzuk gibelean pilatzen den korapilo batez" hasten direla, "bizitza instituzionalean" lagun izan duen argazkilariaren heriotzaren berri izatean. Eva Lopez de Arroiabe Batzar Nagusietako EH Bilduko bozeramailea "Arabako errealitatearen lekuko eta behatzaileak" utzi duen "hutsuneaz" penatu da. 

Javier Hurtado Arabako PSEren idazkari nagusiak nabarmendu du ez duela hitzik adierazteko Quintasek "haren lanari zion maitasuna eta errespetua". Gogora ekarri du argazkilaria beti "adeitsu eta hurbila" izan zela, eta inguruan zituenei "lasaitasuna eta irribarre bat" helarazten zizkiela. Iñaki Oiartzabal Arabako Alderdi popularreko presidenteak esan du "pertsona ona zela", eta argazkilariak izan duen "aparteko begirada" nabarmendu du. Elkarrekin Araba batzarkide taldeko Jose Damian Garcia-Morenok ere argazkilari arabarrak utzitako hutsunea ekarri du gogora. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago