"Denetik egin du Xabierrek bere bizitzan: 50eko hamarkadan, Okinan apaiz. 60koan, Ternuako uretan, arrantzale. 70 eta 80koetan Madrilen eta Euskal Herrian gizarte ekintzaile eta kazetari. Egin egunkariak Gasteizen izan zuen lehen delegazio burua izan zen bera, baita Punto y Hora aldizkariko zuzendaria ere". Txema Ramirez de la Piscina lankideak modu horretan jaso zuen Xabier Sanchez Erauskinen ibilbidea, 2024an Euskal Kazetaritzaren urteroko galan Ohorezko saria eman ziotenean.
Herri Batasuneko lehen mahai nazionaleko kide izan zen Sanchez Erauskin 1978an, eta baita EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea ere, erretiroa hartu aurretik. Gaur goizaldean zendu da, 90 urte zituela.
Sanchez Erauskin Gasteizen jaio zen, 1935eko martxoaren 7an. "Askatasun gosea ipar eta izaera kritikoa ardatz izan ditu beti. Horregatik sartu zuten preso Langraizko kartzelan 1983ko apirilean. Hamalau hilabetez izan zen itzalean. Bera izan zen Francoren ostean iritzi delitu bategatik kondenatua izan zen lehen profesionala. Audientzia Nazionalaren arabera "erregea iraintzeagatik" sartu zuten preso", gogoratu zuen Ramirez de la Piscinak.
Ondo jasota utzi zuen Joxe Feliz Azurmendi lankideak Xabierren izaera, Xabier Sanchez Erauskin. Vida de un rebelde con causas liburuan: "Despistatu mundiala da bera, eta, aldi berean, metodiko ikaragarria bere artxibategian. Itxura narraseko jakintsua. Egitura zurrunetan deseroso dabilen akrata menderaezina. Pertsonaia barojiar petoa. Umoretsu eta abenturazalea. Bere nortasunaren bila errari dabilen pentsalari librea. Pikaro bihurriaren irria du oraindik. Berezia eta transferiezina".