Beste urte batez, poesiak beteko ditu Arabako bazterrak Poetak Maiatzean jaialdiarekin. Nazioarteko zein tokiko artisten zerrenda oparoa dakar aurten, eta askotariko eskaintza. Ismael Serrano, Mikel Urdangarin, Maria Mandalou, Luis Pastor, Idoia Asurmedi edo Antonio Colinas dira taula gainetik igaroko diren protagonistetako batzuk.
Jaialdi inklusibo eta parte hartzailea da, Elisa Rueda zuzendariak gaurko aurkezpenean azpimarratu duenez. Erakundeak, kultura elkarteak, ikastetxeak, merkataritza eta herritarrak inplikatuko ditu, poesia topagune eta adierazpen partekatu bihurtuz, "herritarrei ahotsa emanez eta haien istorioak eta emozioak bateratuz".
Jaialdiak, gainera, konpromiso sozial sendoa erakutsiko du aurten ere, ia hogei gizarte erakunderekin eta ospitaleekin elkarlanean. Ekimen berezien artean, poeten arroparekin egingo den elkartasun azoka eta Bertso sorginduak saioak nabarmentzen dira. Era berean, memoria historikoari tarte bat egingo diote maiatzaren 24an, Martxoaren 3ko sarraskia gogoratzeko ibilbide poetiko baten bidez.
Gazteek eta hezkuntza komunitateak ere protagonismo berezia izango dute. Gasteizko hainbat ikastetxetako ikasleek gerraren aurkako eta bakearen aldeko mezuak zabalduko dituzte bidaia lirikoen bidez. Jaialdiaren ikur bihurtu diren jarduerak itzuliko dira; Bakearen aldeko poema ekitaldia Plaza Berrian eta dendetako erakusleihoak literaturaz jantziko dituzten Kristalezko Orriak.
Poetak Maiatzean lurraldeko hainbat herritara heduko da, hala nola Amurrio, Agurain, Kanpezu eta Burgura. Informazio eta xehetasun guztiak jaialdiaren webgune ofizialean kontsulta daitezke jada.