'Botika etxean eskura' programa Araba osora zabaltzea onartu dute

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko apirilaren 22a

2025ean abian jarri zuten programa erakundeek. Argazkia: AFA

Zerbitzuaren zabalpena eskatzen zuen EH Bilduren mozioa onartu dute Arabako Batzar Nagusietan.

Botika etxean eskura programa Araba osora zabaltzea eskatzen zuen EH Bilduren mozioa onartu dute gaur Arabako Batzar Nagusiek. Halaber, zerbitzua erabiltzeko aukera mendekotasun maila guztiei zabaltzea onartu dute batzarkideek. Foru gobernua osatzen duten EAJ eta PSE alderdien aurkako botoak jaso arren, EH Bilduren mozioak oposizio guztiaren babesa jaso du, eta aurrera atera da.

Gaur egun, Arabako Mendialdeko eta Añanako kuadrilletara mugatzen da herritarren farmazia arreta hobetzeko asmoz iaz sortu zen programa, eta erabiltzeko aukera ere mugatuta dago, besteak beste, 2 edo 3 mendekotasun maila aitortua edota kontrolatu gabeko patologiaren bat dutenentzat.

2025ean sortu zen proiektua

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Arabako Foru Aldundiak eta Farmazialarien Elkargoak gidatutako proiektua da Botika etxean eskura. Sendagaiak etxean entregatuko direla bermatzea du helburu, gaixoak agindutako sendagaiak bere medikuak ezarritako jarraibideen arabera jaso ditzan lagunduz.

Proiektuaren fase pilotua 2025 hasieran jarri zen abian Añanako eta Mendialdeko kuadrilletan. Urtebete luze igarota, proiektuak 45 parte hartzaile izan ditu, eta bere momentuan programaren oso balorazio positiboa egin zuen foru gobernuak. "Ordezkari politikoen aldetik hain balorazio positiboa egiten bada, ez dauka zentzurik proiektua mugatzen jarraitzeak", esan du Ruth Ibisate Arabako EH Bilduko batzarkideak.

Ibisatek gogoratu duenez, zerbitzutik kanpo geratzen diren pertsona asko daude. Izan ere nahiz eta beharra izan, ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten erabiltzaileak topatu ditzakegu martxan jarri diren eskualdeetan eta are beste eskualdetan ere. 

Horregatik guztiagatik, proiektuaren balorazio sakona egiteko eskatu diote Arabako Foru Aldundiari parte hartu duten instituzio, elkargo, toki erakunde eta langile guztien parte hartzearekin. Horrekin batera, proiektuan parte hartzeko bete behar diren baldintzak berrikusteko ere eskatu diote aldundiari, zerbitzu hau jaso dezaketen edo jaso nahi duten pertsona guztiengana iritsi ahal izateko Araba osoan, eta aldaketak eta hobekuntzak erakundeekin, kuadrilletako oinarrizko gizarte zerbitzuetako langileekin eta inplikatutako farmazietako langileekin koordinatuta eta etengabeko lankidetzan egiteko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago