Ez da kontu berria, baina bai aurki abiadura gehiago hartuko duen ekimena. 2023ko martxoan Cristina Gonzalez Turismo diputatuak Olioturismoa Araban izeneko egitasmoa aurkeztu zuen Guardian, APRORA Arabako Errioxako olio ekoizleen elkartearekin. Ordudanik, turismo bulegoetan eta enpresetan gaia landu da, baina pauso bat harago eman eta olioaren gaineko esperientzia turistikoak ibilbide batean bildu nahi dituzte orain.
Jakina denez, eskualdeak 5,5 milioi euroko finantzazioa dauka Next Generation Europako funtsekin turismoari lotutako proiektu estrategikoak finantzatzeko, eta horietako bat aste honetan aurkeztu dute, kuadrillak Guardian duen egoitzan.
Berez, olioturismoak orotara 300.000 euroko zuzkidura du Europa bidez bideratutako funtsetan. Horietatik 260.000 Gorrebustoko olio dolarea zaharberritzeko dira, eta beste 40.000 olioaren ibilbidea martxan jartzeko.
Gorrebustoko dolarea berritzera 260.000 euro bideratuko dituzte
Gorrebustoko dolarea etorkizunean Arabako Errioxako Olioaren Museoa izateko prestatzen ari dira, azaldu dutenez. "Olioaren kontakizun turistikoaren erdigunea izango da espazio hau", aipatu du aurkezpenean Txema Elvira Arabako Errioxako Kuadrillako presidenteak. Museoak tradizioa eta modernitatea uztartuko dituela dio.
Olioaren ibilbideari dagokionez, asteon egindako topaketa eskualdeko ekoizle eta eragileei proiektua azaltzeko unea izan da. Orain martxan dagoen Ardoaren Ibilbidearen antzeko egitasmoa izango da, baina urre berdea oinarri hartuta. Are, antolaketa mailan ere, Ardoaren Ibilbideak kudeatzen duen taldeak gidatuko du ibilbide berria.
Lankidetza publiko-pribatua izango da, eta ostatuek, jatetxeek, bidaia agentziek eta sektoreari lotutako negozioek parte hartu ahal izango dute. Atxikimendua eman nahi dutenek datozen asteetan egin ahal izango dute.
"Lortu nahi dugu bisitariek aukera izan dezatela olibondoen artean ibili, olio dolareak eta ekoizpen prozesua ezagutu, eta olioak dastatzeko. Jakin dezatela olioa ez dela hemen osagarri bat, tokiko identitateren funtsezko osagaia baizik", laburbildu du Elvirak.
Olibondoaren lanketa lurraldean "gero eta handiagoa" dela gogoratu du Kuadrillako presidenteak. "Ez du hazten esponentzialki, baina bai modu jarraian. Euskadin bakarra den oliba olioa, ardoaren anaia txikia da. Diskretuagoa, isilagoa, baina gurea. Anai txikik oro bezala, zaintza, arreta eta apustua behar du".
Ekialdeko ibilbidea
Ibilbidea Arabako Errioxako ekialdean zentratuko da, olibadi tradiziorik handiena mantentzen den lekuan, hain zuzen. Lantziego, Binasperi, Ekora, Oion, Moreda eta Labrazatik igaroko da eta Gorrebuston amaituko da, autoz zein bizikletaz egin ahal izango den ibilbide batean.
Kuadrillak dibertsifikaziorako aukera bat bezala aurkeztu du egitasmoa, mahastiez gain, labore osagarriak egiteko, ekonomia bultzatu eta ekoizpen eredua indartzeko. Elvirak gogora ekarri du ardoaren sektoreak "une konplexuak" bizi dituela, eta olioarena, "anai txikia izan arren", aukera ere badela. "Horregatik, hain zuzen, bizkorrak, ausartak eta estrategikoak izan behar gara, gure lurraldea indartzeko aukera berriak zabalduz".
Ostatu, jatetxe, bidaia agentzia eta antzeko eragileek parte hartuko dute
Turismo planen garapena bultzatzen dituen Magnus Nature enpresa arduratu da ibilbidearen hasierako egitura finkatu aldera lehen antolaketak prestatzeko. Momentuz, ekoizle eta eragileen kezkak argitzen ari dira, baina proiektuari batzeko lehen elkarrizketak hasi dituzte ere. Manuel Leon eta Joaquina Hernandez Magnus Naturako kideek bertaratutakoei azaldu dietenez, auditoretza moduko elkarrizketak dira proiektura batzeko egiten ari direnak.
Funtzionamenduari dagokionez, Hernandezek azpimarratu du Ardoaren Ibilbidearen barruan kokatu dutela momentuz, proiektuaren hasiera delako, eta "ez lukeelako zentzurik izango beste egitura paralelo bat sortzea". Alabaina, etorkizunean Olioaren Ibilbideak berezko pisua eta tamaina hartuz gero, egitura independente bat sortzeko aukera mahai gainean dagoen zerbait dela argitu du.
Magnus Natureko kideek ere nabarmendu dute EAE mailan bakarra den produktua duela Arabako Errioxak, eta horren lanketa eta ustiaketa turismo arlora bideratzea "abagune aparta" dela eskualdearentzat. Daten inguruan galdetuta, eta momentuz zehaztu ez badute ere, aurreratu dute ibilbidea bera urrirako martxan nahiko luketela.