Arabako esku‑hartze sozialeko langileek beste greba egun bat egin dute gaur, lan baldintzen hobekuntza eta sektore publikoarekin parekatzea eskatzeko. Mobilizazio eguna arrakastatsua izan dela adierazi dute ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek, eta patronalaren eta instituzioen gain jarri dute erantzukizuna.
Goizean Probintzia plazan informazio gunea jarri dute, eta 10:00etan "zaratada" egin dute Arabako Foru Aldundiaren atzealdean, barruan bildutako arduradunek langileen aldarrikapenak entzuteko. Ondoren, ehunka langile manifestazioan abiatu dira Probintzia plazatik, Gasteizko Alde Zaharreko eta erdiguneko kaleak zeharkatuz, eta eserialdia egin dute Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen aurrean, San Prudentzio kalean.
Eguerdian grebalariek elkarrekin bazkaldu eta arratsaldean giza katea egingo dute, 17:00etan, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala lotuz, zaintza sistema publikoaren aldeko aldarria kalera ateratzeko.
Greba "arrakastatsua"
Sindikatuen arabera, gaurko greba egunaren balorazioa "oso positiboa" da. Gogorarazi dute hamalau hilabete baino gehiago igaro direla Arabako Esku Hartze Sozialeko IV. Hitzarmenaren negoziazio mahaia eratu zenetik, eta denbora honetan guztian AISA patronalak "jarrera onartezina" izan duela salatu dute, negoziazioa blokeatzeko helburuarekin. Erakundeei ere leporatu diete "beste alde batera begiratzea", sektoreko zerbitzuak gehienbat pribatizatuak izan arren. Sindikatuen iritziz, azpikontratazioa erakundeen erabaki politiko kontzientea da, "lan baldintzak prekarizatzeko".
ELA, LAB, CCOO eta ESKk lan baldintzak hobetzea eta sektore publikoko baldintzekiko ekiparazioa eskatu dute beste behin. Salatu dute negoziazio mahaian ez direla agertzen sektoreak behar dituen edukiak, eta gogorarazi dute AISAren azken proposamenak 2025ekoak baino okerragoak izan direla, bai eduki ekonomikoei dagokienez, bai lanaldiaren jaitsierari dagokionez. Hurrengo egunetan ikusiko dute "ea patronalak egoera ulertzen duen eta sektorearen aldarrikapenei erantzuten dien".
Langileek azpimarratu dute gizarteko kolektibo ahulenekin lan egiten dutela, arriskuan dauden adingabeekin, genero indarkeriaren biktima diren emakumeekin, gizarte bazterketan dauden pertsonekin, migratzaileekin edo osasun mentaleko arazoak dituztenekin; eta salatu dute euren lana ez dela behar bezala baloratzen. Adierazi dute zaintza sistema ezin dela prekarietatean oinarritu, eta Arabako gizartearen babesa eskatu dute.
Sindikatuek mobilizazio gehiago iragarri dituzte, konponbiderik lortu ezean: "Negoziazio mahaiak aurrera egiten ez badu, maiatzean mobilizazio eta greben intentsitatea handituko da". Gaurkoarekin, 2026an lau greba egun oso eta lau orduko lanuzte bat egin dituzte.
Azpikontraten soldata arrakala
Adingabeen psikologoa: Esku hartze sozialean urteko soldata 36.138,02 eurokoa da, eta administrazio publikoan 49.647,18 eurokoa. 13.509,16 euro gutxiago jasotzen dituzte azpikontratatutako langileek.
Hezitzailea: Enpresa pribatuetako langileek 31.886,49 euro irabazten dituzte urtean, eta langile publikoek 48.348,55 euro. Aldea 16.462,06 eurokoa da.
Gizarte integratzailea: 28.697,85 euroko soldata jasotzen dute azpikontratatutako integratzaileek, eta administrazio publikokoek 40.225,14 euro. Arrakala 11.527,29 eurokoa da urtean.
Adingabeen etxeko arduraduna: Esku hartze sozialeko sektore pribatuan 26.146,92 euro irabazten dira, eta administrazio publikoan 33.150,61 euro, 7.003,69 euroko aldea.
Jarraian, Arabako Foru Aldundi alboan egindako zaratada: