Araba Euskarazeko abestia aurkeztu dute: Taupadak berpiztu!

Jon Hidalgo 2026ko apirilaren 22a

Amurrion izango da aurten Araba Euskaraz, lau urtez Gasteizen ospatu ostean. Euskararen aldeko aldarria musikaren eta dantzaren bidez indartu nahi izan dituzte kantuan eta bideoklipean.

Ekainaren 14an ospatuko da aurten Araba Euskaraz, eta giroa berotzeko hainbat ekitaldi antolatzen dabiltza. Gaur goizean, Amurrioko Juan Urrutia parkeko GUK eskulturaren aurrean, Aresketa Ikastolak 2026ko Araba Euskaraz ekimenerako sortutako abestia aurkeztu du: Taupadak berpiztu!

Ekitaldian izan dira Aresketa Ikastolako ordezkariak eta kantuaren egileak, Igon Olaguenaga eta Txiki Lora. Ikastolako ikasleek, berriz, abestiarako propio sortutako koreografia dantzatu dute, euskararen eta euskal kulturaren egoeraren aurrean taupadak berpizteko beharra aldarrikatuz.

Abestiaren letrak euskararen biziberritzearen premia nabarmendu du, herriaren bihotz taupadak berpizteko deia eginez. Testuak 1960‑1970eko berpizkundetik gaur egungo geldialdi zantzuei arteko ibilbidea gogora ekartzen du, eta euskara "heriotzatik normalizaziotik baino gertuago" dagoela ohartarazten du, "gogoa eta kuraia" aktibatzeko premia azpimarratuz.

Antolatzaileek azaldu dutenez, kantuak aniztasuna eta dantzagarritasuna ditu oinarri: soinu organikoz sortutako salsa doinu baten gainean, alboka, trikia, tronpeta, tronboia eta perkusio latinoaren nahasketa koloretsua entzun daiteke. 

Sorkuntzaren atzean Igon Olaguenaga (ikasle ohia eta egungo langilea) eta Txiki Lora (ikastolako aita) daude, eta hainbat musikari ezagunek ere hartu dute parte: Amaia Santamaria , Rodrigo Ulises, Yago Salorio, Marcos Ortega, Fernando Blanca, Ibon Koteron, Joseba Tapia eta Iñaki Otxondorena “Moro”. Aresketa Ikastolako ikasleen ahotsak ere jaso ditu grabazioak, eta Elkar Estudioko Victor Sanchez aritu da nahasketa eta masterretan.

Taupadak berpiztu! abestiaren letra:

Nondik gatoz ta  
nora goazen, alajaina!  
ez dezagun ahaztu  
zein den gure bidaia  
batu ditzagun denok  
gogoa ta kuraia  
mingainean daukagu  
behar den sendagaia  
hemen daukagu berriz  
berpizteko garaia  
mezu zuzena dakar  
aurtengo elaiak  

Bazen behin  
herri txiki baten algara  
izenez Euskal Herria  
hizkuntza euskara  
Zabala dela esan nahi diot  
Arabaraino hurbildu denari  
erantzukizuna Amurriok  
taupadak emateko festari  

Geldituko gaituenikan ez da  
irakaskuntzan jarraitzen bada  
euskaraz behar dugulako urezta  
eusko, eusko eskualdunak gara  

Ez dugu inor utzi behar atzera  
bakarrik ez gara, gara batera  
hurbildu zaitez euskararen sura  
Euskal Herritik munduraaaaa!  
Araba aske eta euskaldun  
ikastolaren oihua entzun  
hemen gaituzu  
maitale eta lagun.  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago