Kazetariak seinalatu ditu Jarkik

Juanma Gallego 2026ko apirilaren 21a

Agiriarekin batera Jarkik zabaldutako bideoaren irudi bat. Irudia: JARKI

SER eta Vocento hedabideetako erredakzioetan zenbait ezezagunek pintadak egin dituzte gauez, "gerra inperialistaren konplize" direla argudiatuz. 

Euskal kazetariak seinalatu ditu Jarki "antolakunde iraultzaileak", Donostiako SER irrati kateko eta Gasteizko El Correo egunkariko erredakzioetan gauez pintaketak egiten eta horien kontrako komunikatu bat zabalduz. Agiri horrekin batera, taldeak pintaketa horien unea jasotzen duen bideo bat zabaldu du ere.

Gasteizen kasuan, kaputxadun bakarra agertzen da bideoan, esprai bat eskuetan duela. Donostian, bi lagun agertzen dira musikaz hornitutako irudietan, hauek ere burua estalita dutela. 

Agirian, Jarkiko kideek diote hedabide horiek "gerra inperialistaren konplize" direla. "Kazetariz mozorrotutako, burgesiaren eta kapitalaren mesedepeko bozeramaile baimenduak ditugu Euskal Herriko prentsan lanean", idatzi dute. 

Sud Ouest, Prisa, Vocento eta Planeta taldeak aipatu dituzte agirian. Jarkiren irudikoz, horiek "burgesiaren diskurtsoa zabaltzen" dute, eta "estatu kapitalistaren makinariaren parte" dira. Are, "kapitalaren krimenak" laguntzeko "lanean aritzea" egotzi diete hedabideei.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago