Boluntariotzan parte hartzeko aukera andana

Juanma Gallego 2026ko apirilaren 19a

Sartu Araba elkartearen proiektu bat da Batekin agentzia, boluntariotza eta ekintza soziala bultzatzeko. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Arlo sozialean diharduten elkarteek gero eta behar gehiago dituzte, eta, horretan, boluntarioen lana puzzlearen funtsezko pieza da. Batekin agentziak elkarteen eta boluntarioen arteko zubi lanak egiten ditu, bi alde horien artean 'matx' arrakastatsu bat lortzea helburu.

Kezka agertu du Batekin agentziak boluntariotza ikerketaren datuek erakusten dute erkidegoko herritarrek "solidarioak izaten jarraitzen" dutela, baina, sostengu sarea mantendu arren, arlo sozialeko boluntariotzarako sarbidea murriztu egin da. Gainera, lehendik ere horretan aritzen zirenen artean kontzentratuta dago laguntza sarea, eta, horrez gain, pertsonen %63k boluntariotza lan batekin uztartzen dute, horrek parte hartzeko geratzen den denborari dakarkion mugarekin.

Batekin elkarteko kide Ainara Perezek ohartarazi du gaur egun dagoen boluntario kopurua ez dela nahikoa dauden beharrak ase egiteko, jaitsiera nabarmena egon delako. Lehen eskutik konprobatu ahal izan dute egoera. "Ez da bat-batean jazo den zerbait, poliki-poliki gertatu den fenomenoa baizik", azaldu du. Arlo sozialean nabaritu da aldaketa, beste arlo batzuetan, hala nola kirolean edo kulturan, boluntariotzak gora egin duelako.

"Gaur egun kirol elkarte asko daude, eta kirola egiteko modu ugari ere. Oro har, kirolaren alorrean lehen ez zeuden aukera asko daude gaur egun, eta, ondorioz, hor ere jendea banandu behar da, zeregin horietan laguntzeko". Hori gertatzea "normala" dela dio agentziako kideak, baina "gehien behar duten pertsonen beharrak ere ase egin behar direla" aldarrikatu du. "Bestela, azkenean, beti berdinek ordaintzen dute; zaurgarritasun egoeran dauden pertsonekin lan egiteko jendea behar dugu", argudiatu du Batekin elkarteko kideak.

Konpromisoa oinarri, parte hartzeko aukerak askotarikoak izan daitezkeela diote

Arazoa ikusita, martxoaren hasieran agentziak egoera zertan den azaltzeko komunikatu bat atera zuen; diotenez, deiak harrera ona izan du. Hedabideetan ohartarazpenaren berri izan eta gero, Laura Gonzalezek dio hainbat lagunen deia jaso dutela, boluntariotza egitera animatu diren lagunenak. "Joan den egunean zenbatu genituen: zazpi edo zortzi lagun inguru batu dira, baina aintzat hartu behar da horiek guk ditugun datuak direla", esan du Perezek. "Batekin agentziarekin kontaktatu dutenak dira, guk gero elkarteetara bideratu ditugunak. Baina jakin badakigu beste elkarteekin ere zuzeneko harremanak sortu direla". Horretan sakondu du Gomezek. "Adibidez, joan den ostegunean izan genuen bilera batean, elkarte batek esan zigun bost elkarrizketa zituela boluntariotzari buruz galdezka ari ziren pertsonekin", azaldu du. Hortaz, oso gustura daude jasotako emaitzarekin.

Parte hartzeko deia

Argi dute hedabideetan eta sareetan egotea arras lagungarria dela. "Boluntariotza hitza sareetan eta kalean dagoenean, zalantzan dauden pertsona batzuk aurrerapausoa ematera animatzen dira", nabarmendu du Perezek. Boluntario berri horiek elkarteekin harremanetan jartzen dituzte. Azken finean, hori baita Batekin agentziaren lana. Duela hamarkada inguru Eusko Jaurlaritzak Sartu Araba elkarteari eskatu zion lurraldean boluntariotza sustatzeko agentzia bat egiteko. EAE mailan hiru agentzia daude, bat lurralde bakoitzeko: Batekinez gain, Bizkaia Gara, eta, Gipuzkoan, Gizalde agentziak ere badira. Antzeko egitura dute hirurek, baina agentzia bakoitzak bere elkartea du atzetik, bere kudeaketa eta finantzazio propioekin. "Baina egitasmo komun asko ditugu, eta proiektuaren hezurdura berdina da", argitu du Perezek. "Gure helburua da pertsonak eta entitateak koordinatzea, entitateek zein boluntarioek dituzten aukera eta beharren arabera".

Sartu Araba elkartearen proiektu bat da Batekin agentzia, boluntariotza eta ekintza soziala bultzatzeko. Gaur egun, 120 bat elkarte ingururekin lan egiten dute, haiek laguntzeko boluntarioak bilatzen eta haien beharrak sare sozialetan zein web orrian helarazten. Horretarako orientazioak egiten dituzte boluntariotzara hurbiltzen direnekin, eta, bileran ikusitakoaren arabera, elkarte batera edo bestera bideratzen dituzte. Tinderren metaforari helduta, bien arteko matx hori lortzen ahalegintzen dira. Hasieran aipatu bezala, ordea, matxak gainbeheran daude.

"Guk kudeatzen dugun elkarteak.org webgunearen zenbakiak ikustean jabetu gara boluntarioen eskaintza erdira murriztu dela; erdia asko da!", kexu mintzo da Perez. "Elkarteen beharra, berriz, bikoiztu egin da; zenbakiak urruntzen doaz, bi aldagai horien artean desoreka handia suertatuz". Argi dute ere halako kasuetan dagoen jarduera inoiz ez dela berdina, honetan ere gorabeherak ulergarriak izan daitezkeelako. "Baina iazko datuak nahiko larriak izan dira", ohartarazi du Perezek. "Bizpahiru elkarterekin gertatu zaigu azken hilabetean ezin izan dituztela beren eskariak bete. Batzuetan kostatzen da jendea topatzea, baina, hilabetez hilabete errepikatzen den zerbait atzematen duzunean, orduan konturatzen zara arazo bat dagoela. Gainera, elkarteekin egiten ditugun orientazio bileretan ere sumatu dugu hori". Egunerokotasunean elkarteekin duten harremanaren ondorioz, beste arazo batez jabetu dira agentziako teknikariak.

120 bat elkarterekin lan egiten dute, beren beharrak asetzeko. Irudian, EHUn izandako ekimen bat. Argazkia: BATEKIN.

"Elkarteek esan digute administrazioek eskatzen duten lan burokratikoa oso altua dela, eta, horren ondorioz, ez daukatela denbora askorik beren boluntarioekin egoteko eta kalitateko denbora emateko", esan du Gomezek. Modu berean, hedabideetan eta sare sozialetan presentzia izateaz gain, argi dute ere hezkuntzaren alorrean lan asko dagoela egiteko. Horretan ari da, hain justu, Nerea Ruiz de Galarreta kidea. "Ikasleekin batez ere sentsibilizazio lana egiten dugu. Mailaren arabera, bi proiektu daude: LHko 5 eta 6 mailetan zein DBHko 3-4 eta Batxilergoko 1-2 mailetan. Orotara, lau saio egiten ditugu, gizarte partaidetzaren inguruan hausnartzeko, eta ikasleek ere ikus dezaten haiek honetan zer egiterik badutela".

Laguntzeko moduei dagokienez, era asko daudela azaldu dute Batekineko kideek, baina konpromisoaren garrantzia azpimarratu nahi izan dute. "Pertsona bat kolaboratzailea edo militantea izan daiteke... baina boluntario izateak konpromiso bat eskatzen du; adibidez ikasturte batean egoteko", azaldu du Perezek. Aintzat hartu behar da artatzen duten pertsona bakoitzeko boluntario bat behar dutela zenbait elkartek. Ondorioz, boluntario asko behar dituzte. Igeriketaren adibidea jarri du. "Hor, pertsona bakoitzarekin boluntario bat doa. Horregatik, ezin daiteke esan 'tira, aste honetan bai, ondo datorkit; baina, agian hurrengoan, ez'. Aurrera eraman behar diren ekintzek konpromiso bat behar dute". Horren garrantzia aldarrikatu du. "Gaurko gizartean, zerbaitetan jarraitzeko konpromisoa galbidean dagoen zerbait da: eskaintzen da jarraikortasunik ez egotea, demagun, telefono konpainian edo gimnasioan. Bada, guk aurrera eraman behar ditugun ekintzek justu kontrakoa eskatzen dute: konpromisoa".

Aukera andana

Dena dela, eta konpromisoa eskatuta ere, argi utzi nahi izan dute aukera asko daudela, boluntarioaren egoeraren eta elkartearen beharren arabera, bai denbora aldetik zein funtzio aldetik ere. Diotenez, konpromiso hori izan daiteke astean behin, bitan, hilean behin… edota kontu puntualetarako ere.

"Normalean burura datorkigun ideia da norbaiti zuzenean laguntzean egotea, baina askotarikoak dira aukerak", aurreratu du Perezek. Esate baterako, liburudenda batean liburuak saltzea, edo denda solidario batean saltzaile funtzioa egitea. "Proiektu teknikoak egiteko ere jendea behar da askotan", azaldu dute.

Horretan, asko dute emateko nonbait profesional izandakoek edota irakasleek; erretiroa hartuta duten arren, oraindik gizarteari asko emateko daukatelako. Beste horrenbeste esan daiteke gazteen inguruan, oraindik familia ardura ez duten pertsona horiek badutelako zer ematerik. Horiei begira, eta boluntariotzaren nazioarteko urtea den honetan, Gasteizko Gazte Informaziorako Udal Bulegoak apirilaren 23an bilera bat deitu du, Europa mailako proiektu batean parte hartu nahi duten 18 eta 30 urte arteko gazteei informazioa emateko. Elkartasunak mugarik ez duela esan ohi da, eta, kasu honetan, literala izango da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago