Iazko urriaren 15ean hainbat erakundek Palestinaren alde eta "genozidioaren" aurka deitutako greba deialdi baten harira Gasteizen egindako elkarretaratze bateko deitzaile bati 300 euroko isuna jarri diote.
Egun horretan Ertzaintzak hiru pertsona identifikatu zituen, komunikatu gabeko bi elkarretaratzeren deitzaile izatea egotzita. Orain jakin denez, ezagutarazi ez den pertsona batek joan den martxoaren 31n aipatutako zigor administratiboa jaso du.
Hala ondorioztatu daiteke Elkarrekin Araba batzarkide taldeak Batzar Nagusietan aurkeztu duen galdera batetik. Eusko Legebiltzarrean beharrean, bertan eskatu diote Bingen Zupiria Segurtasun sailburuari gaiaren inguruko informazioa emateko. Besteak beste, bi elkarretaratzeen gaineko espedienteen kopiak eskatu ditu Elkarrekinek, bai eta Ertzaintzak egun horretan jarri zituen salaketen gaineko informazioa ere.
Batzarkide taldearen argudioari jarraiki, elkarretaratzeko deialdi horiek zenbait hedabidetan zabaldu ziren, eta, horiek komunikatu ez arren, agintariek "bilkura horiek ahalbidetu" zituzten. Hortaz, David Rodriguez bozeramaileak Zupiriari galdetu dio ea "herritarrek nola jakin dezaketen zein elkarretaratze komunikatu den eta zein ez, eta agintari publikoek beren garapena baimendu duten edo ez". Bide beretik, Rodriguezek galdetu dio sailburuari ea "zertan oinarritu diren pertsona hori antolatzaile gisa salatzeko".