Aldundiak enpresentzako laguntza fiskalak aktibatu ditu Irango gerraren ondorioz

Jon Hidalgo 2026ko apirilaren 14a

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia, artxiboko irudi batean. Argazkia: AFA

Foru Aldundiak neurri sorta bat onartu du enpresa txikiei lagundu asmoz. Zorrak atzeratzeko aukerak, PFEZaren ordainketa batzuk salbuestea eta inbertsio eta enpleguari lotutako pizgarriak jarriko ditu martxan.

Arabako Foru Aldundiak astearte honetan presazko zerga dekretu bat onartu du, arindu nahian Irango gerrak eta hari lotutako ziurgabetasun ekonomiko globalak lurraldeko enpresei eragin diezazkiekeen tentsio finantzarioak. Neurriak bereziki zuzenduta daude enpresa txiki eta mikroenpresei, baita autonomoei ere.

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak azaldu duenez, ekimen hauek enpresen diruzaintzan eta likidezian eragin zuzena izatea dute xede, presio finantzarioa murriztuz eta lehentasuna emanez jarduera ekonomikoa mantentzea ahalbidetuko duten ordainketei. Neurriak bat datoz aurreko krisietan hartutakoekin, hala nola Ukrainako gerran, eta Espainiako Gobernuak onartutako laguntzen osagarri dira.

Lehen neurri gisa, zergei lotutako zorren aparteko atzerapena onartu da, bermerik eta berandutze interesik gabe. Aukera hori jarduera ekonomikoa egiten duten pertsona fisikoei eta enpresa mikro eta txikiei aplikatuko zaie, baldin eta borondatezko epea amaitzen bada araua indarrean sartu eta hurrengo hiru hilabeteen barruan.

Bestalde, PFEZaren ordainketa zatikatuen salbuespena ezarri du aldundiak jarduera ekonomikoa egiten duten pertsona fisikoentzat. Horrez gain, 2026ko ekitaldian sozietate zerga ordaindu behar dutenek aktibo berrien amortizazio azeleratua egin ahal izango dute, ohikoaren %150era arte, inbertsioak sustatzeko helburuarekin.

Dekretuak, halaber, enplegua sortzera bideratutako kenkari handiagoa aurreikusten du 2026rako, bai Sozietate Zergan bai PFEZean. Azkenik, BEZaren itzulketak azkartzea aurreikusi da, krisi egoeretan aurrez hartu izan diren neurrien ildotik. Neurri guztiak ALHAO aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko dira indarrean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago