Zerk bultzatu zaitu Omanera? Nola doaz lehenengo asteak?
Oso gustura nago. Urteak daramatzat arabiera ikasten eta, lan kontuengatik geldialdi bat egin behar nuela-eta, erabaki nuen aspaldi pendiente nuen aurrerapauso hau ematea. Noormajan institutuan nago, Maskat hiri erdian. Igandetik ostegunera ditugu klaseak, egunean bost ordu; gramatika, hedabideetako albisteen analisia eta mintzamena lantzen ditugu. Euskaldun berria naizenez, honek asko gogorarazten dizkit nire euskalduntze prozesuko barnetegi haiek. Hizkuntza jakin badakizu, baina hitz egiten hastea eta "desengrasatzea" kosta egiten da. Astebetean asko hobetu dudala sentitzen dut.
Eskualdeko gatazkak nola eragiten dio zure egunerokoari? Igartzen al da gerra?
Gerra ez da zuzenean ikusten, baina bada ezohiko sentsazio bat, normaltasun eza. Ezohiko sentsazio bat, baina arriskurik ez. Adibidez, institutua jende askoz gehiago hartzeko dago prestatuta, baina ikasleen heren bat besterik ez gaude. Jende askok, beldurrez, bertan behera utzi zuen etortzeko plana. Nik gerra hasi aurretik ordaindu nuen kurtsoa, eta institutuak asko eskertu zidan nire asmoari eutsi izana. Turista kopurua ere nabarmen jaitsi da, antza denez, eta beharbada hor igar daiteke gerraren arrastoa.

Kalean sumatzen al da aparteko mugimendurik?
Nabari da zerbait gertatzen ari dela. Goizetan korrika egitera irteten naiz kostaldera, eta urrunean bederatzi hamar bat petroliontzi eta gasontzi ikusten dira geldirik; egunetik egunera gehiago direla esango nuke. Bestalde, azken egunetan mugimendu militar gehiago ikusi dut: hegazkinak, helikopteroak eta polizia armatua tuneletan. Hala ere, baliteke sultana mugitzen denean ohikoa den segurtasun dispositiboa izatea.
Poliziarekin pasadizoren bat ere izan duzu, ezta?
Bai, hasierako egunetan, inozente samar, enbaxaden ondoko hondartza batean sartu nintzen korrika egitera. Berehala etorri zitzaidan polizia patruila bat. Oso jatorrak izan ziren; nire arabiera traketsarekin moldatu nintzen, eta asko eskertzen dute ahalegin hori, baina handik alde egin behar nuela esan zidaten.
Nola informatzen zara gertatzen ari denaz? Bertakoekin hitz egiten duzu gaiari buruz?
Europako hedabideak jarraitzen ditut, baina hemen sentsazioak dira gehiago. Irakasleek ez dute gaia gehiegi ateratzen, eta ateratzen dutenean argi dute Trump “erotuta” dagoela. Kontuan izan behar da hau ez dela demokrazia bat; adibidez, bertako wifiarekin ezin da whatsapp bidezko deirik egin, eta oposizio politikorik baldin badago, ez dago interneten informaziorik eskuragarri. Omanek harreman historikoa du Iranekin, baina hori gai delikatua da hemen aipatzeko…
Nolakoa da Omango gizartea gertutik ezagututa?
Omandarrak ibadiak dira, islameko adarretako bat. Oso lasai eta jatorrak dira; ospe hori dute, eta hala iruditzen zait. Ez daude diruaren atzean beste leku batzuetan bezainbeste, herrialde aberatsa dela ikusten den arren, kotxe garesti eta errepide bikainekin. India, Bangladesh eta Pakistango langile asko ere badaude, eta horietan nabari da aldea, kotxe zahar eta merkeagoekin.
Zure ingurukoak kezkatuta al daude Euskal Herrian?
Ez, ezagutzen naute, ez daude oso kezkatua. Eta, egia esan, lasai egon daitezke; ez da arriskurik nabari kalean. Klasekideen artean hitz egin dugu, eta lasai gaude denok. Asteburuetan turismo pixka bat egiten dut bertako lagun batekin, azokak eta mendialde polit hau ezagutzeko. Pozik nago esperientziarekin. Al umur tayiba! / Kulil umur tayiba (Gauzak ondo! Gauza guztiak ondo!).
