Aitor Buendiaren lana aitortu du Slow Foodek

Juanma Gallego 2026ko apirilaren 14a

Guardiako Villa Lucía espazioan egin dute aurtengo batzar orokorra. Argazkia: SLOW FOOD ARABA

Urrezko Barraskilo saria eman diote kazetariari, duela gutxi zendutako Juanma Lavin gogoan izan duen ekitaldi batean.

Aitor Buendia kazetariari Urrezko Barraskilo 2025 saria eman dio Slow Food Arabak, elkartearen "balioen zabalkundean" egindako lanagatik. Aintzatespenaren arrazoien artean nabarmendu dute kazetariaren ibilbidea komunikazioan, bereziki La Ruta Slow saioaren bidez ekoizleak eta haien produktuak ikusgarri egiteagatik, eta gizartea "elikadura kontzienteago baterantz" hurbiltzeko egindako ahaleginagatik.

"Hunkiduraz" egin dute igandean Guardian elkartearen aurtengo batzar orokorra, besteak beste elkarteko kide nabarmena izan den Juanma Lavinen heriotza dela eta. Villa Lucía espazioaren eta Ardoaren Ibilbidearen sortzailearen omenez lore sorta bat paratu dute batzarrean.

Asteburuan zehar, asko izan dira Lavinen inguruko oroimen hitzak. Besteak beste Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia, Cristina Gonzalez Enplegu eta Turismo foru diputatua edota Maider Etxebarria Gasteizko alkatea egon dira Lavinen lana gogorarazi duten Arabako agintarien artean.

Ekitaldian bertan, Buendiak berak gogoan izan du Lavin. "Duela ia 30 urte Juanma ezagutu nuen leku berean saria jasotzea, eta justu utzi gaituen egun hauetan... pilatutako emozio zailak dira", aitortu du.

Batzarrak iazko kontuak onartu, zuzendaritza batzordea berrantolatu eta 2026rako egutegia iragarri  du. Aurtengo hitzorduei dagokienez, irailean Turinen (Italia) egingo den Terra Madre Salone del Gusto azokan parte hartzea dute helburuetako bat.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago