Telerrehabilitazio zerbitzua abiatuko dute Gasteizko hiru osasun zentrotan

Anakoz Amenabar 2026ko apirilaren 13a

Bizkarreko, lepoko eta sorbaldako arazoak dituzten lagunekin hasiko dira. Argazkia: IREKIA

Pazienteek online saioak eta aurrez aurreko fisioterapia uztartuko dute astelehenetik aurrera.

Osakidetzak lehen arretan telerrehabilitazio zerbitzu berria jarriko du martxan datorren astelehenean, apirilaren 20an. Zerbitzuak aurrez aurreko saioak eta online bidezko jarraipena uztartuko ditu, eta hasierako fase honen ondoren, Osakidetzako errehabilitazio sare osora zabaltzea aurreikusten dute. Arabako ESIko hiru zentrotan hasiko da: Salburua, Zabalgana eta Aranbizkarra II-n.

Bizkarreko, lepoko eta sorbaldako patologiak dituzten pazienteekin hasiko dira. Eredu berriak tratamendu planaren egitura aldatuko du: orain arteko hamabi saio presentzialen ordez, pazienteek aurrez aurreko zortzi saio eta online bidezko sei asteko jarduera telematikoa egingo dituzte. Guztira, tratamenduak zortzi asteko iraupena izango du, eta fisioterapiako profesionalek prozesuaren jarraipen kliniko osoa egingo dute tresna digitalen bidez.

Telerrehabilitazioaren bidez, administrazioak asistentzia jarraitutasuna bermatu nahi du, pazienteek tratamenduaren zati bat euren etxeetatik egin ahal izatea ahalbidetuz eta osasun zentroetara egin beharreko joan-etorriak gutxituz. 

Datozen hilabeteetan, proiektu pilotuaren emaitzak ebaluatuko dituzte, eta azterketa horretatik ateratako datuek finkatuko dituzte telerrehabilitazio eredu hau lehen mailako arretako sare osora zabaltzeko oinarriak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago