CM2 eta Arteleku espazioen dokumentazioa jaso du Artiumek

Anakoz Amenabar 2026ko apirilaren 13a

90ko hamarkadaren lehen erdian Gasteizen izandako jarduera biziaren lekuko izan zen CM2 espazioa.

Artiumek bi funts dokumental berri jaso ditu. Ricardo Iriarte argazkilariaren dohaintza, Donostiako Arteleku zentroaren 80ko eta 90eko hamarkadetako 400 irudi inguru biltzen dituena, eta Gasteizko CM2 gune independentearen artxiboa. Aurkezpenean, Ana del Val Kultura diputatuak eta Beatriz Herraez museoko zuzendariak material horrek euskal sorkuntza garaikidearen memoria gordetzeko duen balioa azpimarratu dute.

Gasteizko CM2 espazioaren funtsak 1992 eta 1996 urteen artean bertan antolatutako 30 erakusketen kartelak, liburuxkak eta dokumentazioa biltzen ditu. "A ze ausartak izan ginen!", dio Joxerra Melguizok, CM2 espazioaren inguruko hasierak gogoratzean. "Arte Ederrak ikasten nenbilela, azkeneko ikasturtean, erakusketa bat egitea bururatu zitzaidan. Pozik geratu ginen emaitzarekin, eta horrek piztu zuen espazio berria antolatzeko gogoa". Emilio anaiarekin batera sortutako gunea topagune bihurtu zen sorkuntza modu berrietan interesa zuten artista, komisario eta kultur eragileentzako.  

Ricardo Iriartek Artelekun egindako lanak, beste alde batetik, balio berezia du, 2011ko uholdeen ondorioz galdutako material askoren lekukotza bakarra delako. Argazkilariak negatiboak gorde zituen eta horrek irudiak salbatzea ahalbidetu zuen. Orain, Artiumeko profesionalak argazki horiek katalogatzen eta identifikatzen ari dira, eta helburua ikertzaileen eta publikoaren eskura jartzea da.

Argazkiak: LUCIA FLORES/ RICARDO IRIARTE/ JOXERRA MELGUIZO

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago