GORKA LOPEZ DE MUNAIN

"Irudiak maiz erabili dira heriotzarekiko beldurra kudeatzeko"

Juanma Gallego 2026ko apirilaren 13a

Gorka Lopez de Munain arte historialaria. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Heriotzaren kulturari buruzko liburu batean Espainiako adibide ugari jaso ditu arte historialariak, Arabako zenbaiti arreta berezia eskainiz. Egungo gizarteetan heriotza kudeatzeko "estrategia argirik" ez dugula dio adituak.

Miriam Beltran Valiente kazetari eta kriminologoarekin batera, España macabra. La cultura de la muerte entre el Medievo y la Modernidad liburua ondu du Gorka Lopez de Munain (Gasteiz, 1984) arte historialariak. Irudi ugariz osatuta, heriotzaren kulturan sakondu dute. Hamarkada bat Erdi Aroko Araba proiektuan buru belarri eman ondoren, gaur egun EHUn eta UNEDen irakasle da, eta arteari buruzko ikerketak tartekatzen ditu.

Nola sortu zen liburu hau idazteko ideia?

Sare sozialen bitartez elkar ezagutu genuen Miriamek eta biok, eta berehala konturatu ginen historian, artean eta heriotzan partekatutako interesak genituela. Bestetik, ikusi genuen gaztelaniaz gai honen bueltan gutxi idatzita zegoela. Bera kazetari eta kriminologoa da, eta, gainera, ezagutzen ditu oso ezagunak ez diren tokiak. Testuinguru historikoa ematea nire esku egon da. Hala, proiektua idazteari ekin genion, Desperta Ferro argitaletxearekin, eta orain ikus daiteke emaitza.

Zer aurkituko du liburu honetara hurbiltzen den irakurleak? 

Helburu nagusia da ulertzea iraganean nola jorratzen zuten heriotza, eta nola egin zuten hori irudien bitartez. Azken finean, heriotzak beldurra eta ziurgabetasuna sortzen ditu. Bizitzatik harago zer gertatzen den ez jakitean, irudia bilakatu zen beldur horiek bideratzeko modua. Horregatik, Erdi Aroan eta Aro Modernoan zegoen heriotzaren kulturan sakondu dugu, irudi eta artelanen bidez. Ukitu ezin duzun zerbait gauzatzeko bidea da irudiena. Lagungarriak ziren zeregin horretarako. Batez ere XIII. mendetik aurrera joera argia dago heriotza gorpuzteko, hezurdura edo bestelako alegorien bidez. Modu horretan aurre egin dakioke, heriotza konjuratu edo exorzizatuz, heriotzaren beraren aurrean garaile ateratzeko. Ez da edonolako gauza: heriotza beti mehatxagarria da, bere kodainarekin; adibidez, hezurrekin batera gu orain garena izango zara zu egunen batean bezalako mezuekin. Honek beti gogorarazten digu guztioi ordua iritsiko zaigula, baina, era berean, kristautasunean, heriotza lurreko kontu bat dela aintzat hartu behar da. Azken judizioan heriotzaren aurrean gailentzen deneko ideia hori dago atzean; eta zerura joatekoa, ondo portatuz gero. 

"Ukitu ezin duzun zerbait gauzatzeko bidea da irudiena. Lagungarriak dira horretan"

Modu berean, heriotza dena berdintzen duen faktore gisa aurkeztu ohi da, ezta? 

Hori da. Azken finean, diskurtsoa da berdin diola zu nekazari edo errege izan izana; Aita Santua edo enperadore. Denei iristen zaie ordua, pilatu den aberastasuna edo boterea ezein direla ere. Zure portaeraren moraltasunaren arabera epaituko zaituzte. 

Asko aldatu al da gaur egun heriotzarekiko daukagun ikuspegia?

Bai; modu nabarmenean, gainera. Beldurra beti egon da, baina azken finean kontua zen beldur hori modu batean edo bestean kudeatzea. Irudi horiek helduleku bezala balio zuten, baina orain helduleku horiek galdu dira, edo askoz lausoagoak dira. Beraz, ez diogu aurre egiten, eta horrek ezinbestean dakar heriotza ezkutatzea eta tabu bihurtzea. Ez daukagu heriotza kudeatzeko estrategia argirik. Ebidentzia ukatzearen parekoa da, azken finean. 

Zehazki, zer nolako gaiak jorratzen dituzue liburuan? 

Ez du katalogo baten izaerarik. Aitzitik, istorio bat kontatu nahi izan dugu, modu kronologiko batean. Lehenik, aipatu dugun ideia hori: denak berdintzen gaituenekoa. Ondoren, kontua santuekin nola lotzen zen ere kontatu dugu. Horien bitartez ere oso modu grafikoan adierazi zen heriotza, bere martirioen adierazpenen bitartez. Erlikiek ere garrantzi handia izan zuten, bai eta vanitas izenekoak ere. Barroko aroko adierazpenak dira horiek, eta, batez ere margolanetan, bizitzaren eta edertasunaren iheskortasuna adierazten zen; buru-hezur eta loreekin adierazten zen ideia hori, besteak beste. Izan ere, irudiok hausnarketa bat eragin nahi dute. Azkenik, gaiari lotutako zenbait espazio aipatzen ditugu. Adibidez, hezurrak hezurtegietara joaten ziren. Toki horiek kudeaketa izaera zuten. Hasieran gorpuak elizetan gordetzen zirenez, noizean behin elizetatik atera behar ziren. Portugalen eta beste zenbait lekutan ez bezala, Espainian ez ziren bihurtu espazio estetiko. Kriptak ere hilobiratzeko lekuak dira. Batez ere [Espainiako] Mediterraneoan — Italiaren eta bertako ordenen eraginagatik— daude gorputegiak; gorpuak lehortzeko, hain justu. Eta hor ere xukaderak agertzen ziren, gorpuaren likidotxoak ateratzeko. 

Ai ama, eskerrak pintxoa eskatu ez dudan! Bai, kar kar!

Gai pixka bat iluna da. Tira, modu horretan gorpuak txikiagoak egiten ziren, eta aukera zegoen urnatan sartzeko. Gainera, monjeak halako espazioetara joaten ziren, bizitzaren eta heriotzaren gainean hausnartzeko. Erlikia ontziak ere aztertu ditugu, noski, eta martiriak. San Bartolome, larrurik gabe, eta San Juan, burua moztuta. Edo Jesukristo bera, dolare mistiko izenekoan. Ardoa beharrean, odola. 

Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

'Vanitas' hori aipatu duzula, entzunda daukat garai batean hiltzen ziren umeei ere argazkia ateratzen zitzaiela…

Bai. Hori joan den mendearen hasieran ohikoa zen; are, ia-ia argazkilaritza sortu zenetik dagoen zerbait da. Aintzat hartu behar da garai batean jendeak oso argazki gutxi egin ahal zituela bere bizitzan, eta, umeen kasuan, gehienetan, hilda zeudenekoa zen gorde ahal zen argazki bakarra. 

Arabari dagokionez, zein adierazpen sartu dituzue?

Martiodako buru-hezurrak ezinbestean egon behar ziren hau bezalako liburu batean, oso multzo adierazgarria delako. Alemanian izan zuten jatorria, eta Flandriako Gerren testuinguruan, bertan zeuden familiek hona ekarri zituzten. Objektu oso preziatuak ziren. Anuntzetako San Bizenteren gorpua ere agertzen da. Erlikia hauek gehienbat Europa Erdialdetik etorri ohi ziren, eta gero Erromako katakonbetatik; behin aterata, jantziak eta harribitxiak eransten zizkieten. Bujandako San Fausto edo Bitor Gaunakoa ere agertzen dira. Azken honen antzeko funtzioa duten buruen kasuan, ura sartzen da buru-hezurraren barrutik, eta ahotik ateratzen da gero; besteak beste, buruko mina kentzeko erabiltzen dute. Tira, egia esanda, ur horrek ez du hezurra ukitzen. 

"Orain ez diogu heriotzari aurre egiten, eta finean horrek dakar heriotza ezkutatzea"

Zure lehen ikerketak ere hil maskaren ingurukoa izan zen. Zergatik interes hori? 

Beti interesatu zait irudiaren teoria, eta irudiek nola funtzionatzen duten argitzea. Orokorrean, irudien boterea aztertu dut, eta gugan duten eragina. Heriotzaren kasuan, irudien inguruko erritual asko sortzen dira. Hil maskaren kasuan, ikertu gabe zegoen, eta interesa piztu zitzaidan. 

Zer dira, zehazki?

Pieza bat baino, teknika bat da. Aurpegiari molde bat egiten zaio, eta, ondoren, positibo bat egiten da, argizariarekin edo buztinarekin. Antzinatean egiten zen zerbait zen, eta, Erdi Arotik aurrera, maskara horiek egiteko ohitura berreskuratu zen. Normalean horiek erabiltzen ziren gero eskulturak egiteko, baina maskara bera ere kontserbatu izan da askotan. Santuen kasuan, pertsonarekin kontaktuan egon denez, erlikia baten moduan funtziona dezakete. 

CSI moduko bat egin liteke horrelakoekin? Galdutako betileren bat agian, DNA erauzteko…

Tira, gehiago esango dizut! Edo pertsona horrek izan ahal zituen gaixotasunen berri izateko ere. Adibidez, Turkian erromatarren garaiko maskara bat aurkitu zuten, eta ondorioztatu zen begi batean arazoak zituela pertsona horrek. 

"Uste dugu badakigula zein bataila dagoen irudikatuta alaitzako margoetan"

Erdi Aroko Araba elkartean urte luzez ibili zara. Nola oroitzen dituzu garai horiek? 

Batez ere asko ikasi dudan garaia izan da. Besteak beste, ikasi dut nolakoa den maila lokalean ondarearen kudeaketa, bai eta turismoarena ere. Eta instituzioen funtzionamenduaz ere asko ikasi dut. Oso azkar ikasi behar izan genuen hori guztia. Hori egiten nuen bitartean, gainera, arlo akademikoan ikerketak egiteko aukera izan nuen, garai horretan unibertsitatetik kanpo banengoen ere. 

Eta, orain, zer proiektu dituzu buruan? 

Tira, ez dakit zoriz edo zoritxarrez, baina ezin naiteke egon ezer egin gabe. Erlikien inguruko proiektu bat landu nahi dugu, horiek izan zuten mugimendua aztertzeko. Europako erdialdetik Iberiar penintsularen iparraldeko itsas portuetatik lurraldean zehar nola zabaldu ziren aztertu nahi dugu. Bestetik, Alaitzako margoen inguruko liburu bat argitaratuko dugu. Horien testuinguru historikoan asko sakondu dugu, eta askoz hobeto ulertu ditugu orain arte interpretatu ezin izan diren zenbait irudi. Uste dugu, gainera, badakigula zein bataila dagoen irudikatuta bertan, baina, momentuz, ezin dugu gehiago aurreratu. Horrez gain, irailean, kultura bisuala eta artearen historia landuko dituen argitaletxe berri bat ezagutzera emango dugu.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago