Astelehenean, apirilaren 13an, Miñaoko teknologia parkera bizikletaz joateko bidegorriaren tarte nagusia inauguratuko dute. Azpiegitura berri honek 5,5 kilometroko luzera du eta N-240 errepidearen albotik doa, banatuta. Mugikortasun jasangarria sustatzea du helburu, Arabako Aldunditik azaldu dutenez, bereziki parke teknologikoko langileentzat.
2021eko mugikortasun inkestaren arabera, Miñaoko langileen %81 ibilgailu partikularrean joaten da lanera, eta soilik %2k erabiltzen du bizikleta gaur egun, hiritik urrunen dagoen industrialdea delako. Hala ere, langileen %83k adierazi du prest egongo litzatekeela bizikletaz joatera bidegorri egokiak egonez gero. Bidegorriaren ezaugarri nagusietako bat bere teknologia da, LED argiztapen adimenduna baitu; sistema honek presentzia detektatzeko sentsoreak ditu eta txirrindulariak pasatzean soilik aktibatzen da.
Aldundiak bere zatia amaitu badu ere, Gasteizko Udalari dagokion tartean lanean ari dira oraindik, Gamarra eta N-240 errepidearen artekoa. Behin bi zatiak amaituta, 7,5 kilometroko ibilbide jarraitua osatuko da.