Vasco-Navarro trenbide zaharretik doan bide berdean dauden azpiegituren berrikuspen integrala agindu du aldundiak, horietan egon daitezkeen arazoak atzeman eta etorkizunean konponketak egiteko.
Ekonomia garapena eta Jasangarritasun Sailak Arabatik igarotzen diren 62 kilometroak berrikusteko lanak atera ditu lizitazio publikora. Bide berdea gehienetan trenbide zaharrarekin batera doa, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran eraiki zen, hainbat alditan, eta mende honen hasieran egokitu ziren horiek, bide berde gisa erabili aldera.
Bertan goi pasabideak, zubiak, tunelak, zerbitzu bideak eta harri lubetak daude. Aldundiak ohartarazi du denboraren poderioz azpiegitura horiek narriadura nozitu dutela, eta arazoak atzeman izan direnean konpontze lanak egin direla, baina inoiz ez dela egin analisi orokor bat.
Ikuskapena, dena dela, begi hutsezkoa izango da. Hots, aldundiak ez du eskatuko entsegu edo probarik egitea, baina, arazo handiak detektatzekotan, balizko konponketen balioaren gaineko "gutxi gorabeherako" zenbatespen bat eskatuko da, bai eta arazoaren berri emango duen idazki bat ere –"bi orrialde, gehienez"–. Azpiegitura bakoitzeko fitxa bat beteko dute ikuskatzaileek. Laminoriako tunela ikuskapenetik kanpo geratuko da, honek bere ikuskapen plan propioa duelako.
"Hurrengo urteetan egin beharko diren mantentze eta konponketa lanak zenbatestea da helburua", idatzi dute foru teknikariek. Kalkulatu dute lan hori gauzatzeak 840 lan ordu eskatzen dituela; hau da, 13,5 ordu kilometro bakoitzeko. Egin duten gastuen kalkuluen arabera, 60.500 euroko kontratua atera dute lizitaziora. Lanen luzerari dagokionez, bost hilabeteko epea emango diote lan hori hartuko duen enpresari.
Lanak egiteko enpresak gutxienez arkitekto edo bide ingeniari bat aurkeztu beharko du, baina aldundiak ohartarazi du enpresak "bereziki zaindu" beharko duela zeregin horretan egongo diren langileak mugatuko direla pleguetan agertzen den betekizunak egitera, "bere funtzioetatik harago joan gabe".