ETS taldearen Bihotzen konkista ikuskizunak Gasteizko Buesa Arenan hasitako bidearekin jarraituko du apirilean, Bartzelonan eta Madrilen eskainiko dituen bi kontzertu handiekin. Lehen geltokia Kataluniako hiriburuko Palau Sant Jordin izango da larunbat honetan, apirilaren 11n, eta bigarrena Madrilgo Movistar Arenan, hilaren 25ean.
Kontzertuak ez dira ohiko musika saioak izango, "emanaldi luze eta indartsuak baizik". Oholtza gainean bertsolariak, abesbatzak, txarangak eta dantza taldeak batuko dira, euskal identitatearen erakustaldi bat eskaintzeko. BECeko ereduari jarraituz, taldeak festa giroa eta herri kulturaren indarra eramango ditu Madril eta Bartzelonako oholtzetara, taldekideek azaldu dutenez. "Hogei urteren ondoren, uste dugu gure kultura, hizkuntza eta lurraldetasuna kanpora eramateko garaia dela. Apustu bat da", nabarmendu zuen Konkista diskoaren aurkezpenean Iñigo Etxezarretak Berrian egindako elkarrizketan.
Kontzertuen atarian, Imanol Pradales Lehendakariak eta Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordeak taldearen entsegu bat bisitatu dute ekoizpenaren xehetasunak bertatik bertara ezagutzeko. Bisita horrek taldearen ibilbideari eta euskararen hedapenari egindako ekarpenari erakunde aitortza helarazteko balio izan du. "Bihotzen konkista proiektuak milaka lagun bilduko ditu bi hirietan, eta euskara ardatz duen esperientzia kultural integrala izango da; musika eta bestelako diziplina artistikoak uztartuz, Euskadi kultura aldetik dinamikoa, irekia eta anitza den lurralde gisa proiektatzen lagunduko du", nabarmendu dute Jaurlaritzatik.