EHUko EUDIA ikerketa taldeak elebitasunari buruzko ikerketa bat abiatu du, Herbehereetako Frisiako Friske Academy erakundearekin elkarlanean, jakiteko ea Euskal Herriko eremu desberdinetan gaztelania modu ezberdinean erabiltzen den eta ea entzuleek desberdintasun horiek antzemateko gaitasunik duten. Gizartearen parte hartzea eskatu dute ikerketa aurrera eraman ahal izateko. Bereziki, Arabako eta Nafarroako herritarren parte hartzea behar dute, orain arte bildutako erantzunak batez ere Bizkaia eta Gipuzkoatik jaso baitituzte.
Antzeko ikerketa bat egiten ari dira aldi berean Frisia eskualdean, eta bi lurraldeetako datuak alderatzea da asmoa. Frisiaren kasuan, adituen arabera, Alemanieraren aldaerak geografikoki nahiko ongi markatuta daude; Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, aldiz, badago lurraldearen araberako gaztelaniaren erabilera ezberdinen pertzepzioa, baina hori identifikatzea ez da beti erraza izaten.
Horretarako, ikertzaileek webgune bat sortu dute berariaz, inkesta labur bat egiteko. Parte hartzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako hainbat lekutako hiztunen gaztelaniazko narrazio laburrak entzungo dituzte, eta ondoren hiztun bakoitza nongoa den asmatu beharko dute, mapa bateko zortzi aukeren artean.
Iaz proba pilotu bat egin zuten tresna abiatzeko, eta atzemandako akatsak zuzendu ondoren, 2026ko martxoan ekin diote datu bilketari modu ofizialean. Ikertzaileen arabera, mota honetako lanetan ezinbestekoa da lagin ahalik eta orekatuena izatea, eta horregatik da funtsezkoa Arabako eta Nafarroako herritarren parte hartzea handitzea.
Inkestan parte hartzeko epea 2026ko apirilaren 30era arte dago zabalik, eta ikerketaren arduradunek dei egiten diete herritarrei, aurrez antzeko inkestetan parte hartu izan ala ez, ekimenera batu daitezen. Halaber, parte hartzaileei eskatu diete ingurukoen artean -guraso, lankide, izeba-osaba, aiton-amona edo bizilagunen artean- deia zabaltzen laguntzeko, ikerketak ahalik eta ordezkagarritasun handiena izan dezan.