Duela egun batzuk, lehendakariak Gernika Euskadira ekar dezatela eskatu du, Guggenheim museoan erakusteko. Espainiako Gobernua aurka dago, kontserbazio arrazoiak direla eta. Gai errepikakor baten aurrean gaude: EAJren eskaerak Espainiako Gobernuari, koadroa aldi baterako Euskadira ekartzea baimendu dezan (1981, 1998, 2006, 2010, 2017 eta 2026an), eta Espainiako Erresumaren ukoak. Koadroa, New Yorken zegoela, Espainiara ekarri zuten Calvo-Soteloren gobernuaren garaian.
Espainiako hedabideak eta Euskal Herriko gehienak koadroaren kontserbazio arazoetan zentratzen dira, ekartzeari uko egitea zuritzeko. Aldiz, aipamen berezia merezi dute La Razón egunkariaren "sei arrazoiek". Hedabide horri Gernikako bonbardaketa euskaldunon asmakizuna izan zela esatea soilik falta zaio.
Horixe da, gaingiroki, iritzi publikoak jaso duen gertakarien bertsioa. Alabaina, euskal herritarrek Picassoren koadroarekin gertatutakoari buruzko egia osoa ezagutu behar dute, eta behingoz errelato faltsuekin amaitu: Uzelay marrazkilariak —kontseilari eta Arte Ederretako zuzendari zenak— uste zuen Eusko Jaurlaritzarentzat Guernica narraskeria hutsa zela, adar-jotze bat. Uzelayk, 1952an Madrilen egin zidan bisita batean, zera kontatzen zidan: 1937an, Parisen, Picassorekin batera zihoala Errepublika Espainiarraren aldeko manifestazio batean, eta galdetu omen ziola ea Guernican agertzen diren eskuen hatzak zakilak (pitilinak) bezala margotu ote zituen; Picassok baietz erantzun omen zion. Baina kontua zen Picassok ez zuela denbora galtzen ergelekin eztabaidatzen. Picasso konturatu zen zein larria zen pertsona hura Eusko Jaurlaritzako kontseilari izatea, eta mezua bidali zion Agirre lehendakariari koadroa idatziz eskatu ziezaion, euskaldunei zegokiela uste baitzuen. Eskari hura, ordea, ez zitzaion Picassori iritsi… 1962an, 25. urteurrenean, Joseba Rezolak —Defentsako idazkari eta Agirreren laguntzaile izanak— Basterretxeari eta bioi deitu zigun Donibane Lohizunera. Tarteka Gernika izeneko aldizkari txiki bat argitaratzen zuten, eta zenbaki berezi bat prestatzen ari ziren 25. urteurrenerako. Marrazki bat nahi zuten: adierazgarria, sinbolikoa. Nik esan nion Guernican zeukatela: lorea ezpata hautsiaren ondoan, heriotzaren eta esperantzaren sinbolo. Erantzun zigun Guernica ez zela interesgarria. Guernicak interesik gabe jarraitzen zuen. Esan genion politikoki ongi jokatu zuela guri kontsulta egitean, baina oso gaizki guri kasurik egin nahi ez izatean. Eta joan egin ginen. (Jorge Oteiza: No aguanto oir hablar aquí del Guernica de Picasso. El Correo Español, 1988).
Ikusitakoak ikusita, EAJk egin behar duen lehenengo gauza gertatutakoa onartzea eta euskal herritarrei barkamena eskatzea da; eta ez jarraitu Espainiako Gobernuari koadroa behin-behinean eskatzen.
Gertatutakoaren egia ezagututa, uste dut Euskal Herriak Espainiako Estatuari gurea dena itzultzea eskatu behar diola. Eta Picassoren Gernikak Gernikan geratu behar duela, Euskal Herriaren askatasunaren, demokraziaren eta bakearen ikur den foru-hirian.
Nikolas Xamardo.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.