Dena ondo bidean, datorren abuztuaren 12an, arratsaldeko zazpi eta erdietatik aurrera bereziki Arabako hegoaldetik behatu ahalko den eguzki eklipse osorako prestaketei ekin die Jaurlaritzak. Hala, gaur gaiaren inguruko erakusketa bat aurkeztu du Zarautzen (Gipuzkoa) Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia sailburuak.
Bi ilunabarren eguna erakusketak eguzki eklipsearen inguruko dibulgazioa egitea du helburu . Fenomenoa "modu didaktikoan, eskuragarrian eta erakargarrian publiko guztiei hurbiltzeko diseinatuta" dagoela azaldu du Jaurlaritzak.
Erakusketa EAEko hamahiruko udalerritan ikusi ahal izango da. Momentuz datak zehaztu ez badituzte ere, Arabaren kasuan, lau totemez osatutako proposamenak Gasteiz, Añana, Gaubea, Bastida, Lapuebla de Labarca eta Guardia bisitatuko ditu. Aukeraketa ez da ausazkoa, lurraldearen hegoaldean ikusi ahal izango baita eklipse osoa, bai eta denbora luzeagoz ere.
Jaurlaritzaren eklipsea.euskadi.eus webgune ofizialean dago eskuragarri gai honen bueltan prestatzen ari diren ekimen osagarriak. Horrez gain, dibulgazio edukiak eta eklipsea segurtasunez behatzeko aholku praktikoak bildu dituzte bertan.
Bestalde, Gasteizko Aihotz plazan ekainaren 20an, arratsaldez, Jakinaldia 2016 jaialdia ospatuko dute. Besteak beste, aurreratu dute haurrentzako ikuskizunak, zientzia lantegiak, bakarrizketak, antzerkia eta gaueko behaketa ere prestatu dituzte.
Zientziaren dibulgaziorako Jakindari izeneko aliantzan parte hartzen duten erakundeen arteko lankidetzaren emaitzetako bat da erakusketa. Bertan 70 bat zientzia erakunde daude, eta hogei bat ekimen honen prestaketara batu dira. Arabaren kasuan, erakundeetako batzuk dira Arabako Natura Zientzien Museoa, IGI Ingurugiro Gaietarako Ikastegia eta Arabako Astronomia Elkartea.