Aste Santu ostean hasiko da errenta kanpaina Araban

Jon Hidalgo 2026ko apirilaren 1a

Arabako Foru Aldundiak aurkeztu du aurtengo errenta aitorpenen kanpaina. Argazkia: AFA

Apirilaren 7tik ekainaren 25era izango da martxan kanpaina. Aldundiak aurreikusi du batez bestean 1.381 euro itzuliko dizkiela zergadun arabarrei.

Aste Santuko oporren ondoren hasiko da 2025eko errenta kanpaina Araban, apirilaren 7tik ekainaren 25a arte. 200.000 aitorpen baino gehiago aurkeztea espero du aldundiak. Horietatik, %70 inguru itzultzera aterako dira, eta beste %5 neutroak izango dira. Rentafacil modalitatearen bidez, 133.952 zergadunek izango dute aukera beren errenta aitorpena lehen egunetik prest izateko.

Aurkezteko ohiko hiru bideak mantentzen dira: Rentafacil, Rentared eta Rentaraba. Rentafacil proposamenak apirilaren 7tik ekainaren 17ra arte onartu daitezke; aurrez aurreko hitzorduak, berriz, apirilaren 9tik ekainaren 5era eskatu beharko dira, eta arreta presentziala apirilaren 13an hasiko da.

Ogasunaren aurreikuspenak

Arabako Ogasunak aurreikusi du aurten batez beste 1.381 euro itzuliko dizkiela zergadunei, eta guztira 195,5 milioi euro bueltatzea aurreikusi du. Aitorpen positiboek, aldiz, batez beste 2.191 euro ordainduko dituzte. Guztira 202.576 aitorpen inguru espero dira, iaz baino %1 gehiago.

Aurtengo kanpaina iazko zerga erreformaren ondorengoa da, eta hainbat berrikuntza dakartza. Etxebizitzaren alokairuari lotutako kenkariak handitu dira, bai errentariarentzat bai errentatzailearentzat; errentatzaileek %70erainoko hobaria izango dute, eta errentariek %20ko kenkaria (egoera batzuetan %35era igo daiteke). Lan etekinen atalasea 20.000 eurora igo da, eta horrek 12.000 pertsona baino gehiagori egingo die mesede. Zerga onuren artean sartzen dira bateratzea eta berdintasuna, gizarte aurreikuspeneko planak, jarduera ekonomiko berriak eta ibilgailu jasangarrien erosketa ere.

Modalitate ezberdinen funtzionamendua

Rentafacil da erabiliena, eta 147.928 zergadunengana iritsiko da. Proposamenak webgunean, telefonoz edo erakunde laguntzaileen bidez onartu daitezke, eta onarpena egin ondoren itzulketa 48 ordutan jasotzen da. Zergadunek alokairuari edo etxebizitzari lotutako datuak zuzenean gehitu ditzakete.

Rentared modalitateak aukera ematen du aitorpena norberak ordenagailutik egiteko, laguntza programa deskargatuz eta ziurtagiri digitalarekin sartuz. Ogasunak aukera hau sustatu nahi du, erosoa eta erabilerraza delako.

Rentaraba modalitatean sartzen dira aurrez aurreko arreta eta gestoria bidezko aurkezpenak. Zerbitzua Gasteiz, Laudio eta Guardian eskainiko da, baina zenbait zergadunek ezin izango dute erabili: jarduera ekonomikoan aritu direnek, higiezin edo akzio salmenta ugari egin dutenek, kriptodiru eragiketak izan dituztenek edota beste kasu berezi batzuetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago