0,50 euro egun bakoitzeko nekazaritza turismoko etxeetan ostatu hartzen dutenei; 2,50 eta bost euro artean, berriz, bost izarreko hoteletan ostatu hartzen dutenei; eta erabilera turistikoko etxebizitzetan ostatu hartzen dutenei egueneko bi eta lau euro artean. Arabako Foru Aldundiak zehaztu du herrialdeko udalek zenbateko tasa turistikoa kobratu ahalko dieten turistei, eta 0,50 eta bost euro arteko kopuruak ezarri ditu eguneko, ostatu motaren arabera.
Arabako ostatu bakoitzean egindako egonaldiengatik kobratuko diete zerga turistei. Gehienez bost egunetako tasa turistikoa.
Aukerak eta salbuespenak
Halere, Arabako hainbat herritako udalek (Ekora, Moreda, Urizaharra, Iruña Oka, Kripan, Iruraiz-Gauna, Mainueta, Zalduondo, Lagran, Armiñon, Elvillar eta Kuartango) aukera izango dute tasa turistikorik ez kobratzeko, herriko ostatuetan bisitarientzako 25 leku edo gutxiago dituztelako. Kontrara, ostatuetan bisitarientzako 750 leku edo gehiago dituzten Arabako udalek, Gasteizek eta Gaubeak bakarrik, aukera izango dute gehienezko tasak %50 garestitzeko.
Aurreproiektuak ezarri ditu salbuespenak: ez dute tasa turistikorik ordaindu beharko administrazio publikoek programa sozialen bidez helburu turistikoetarako antolatutako egonaldietako pertsonek; adingabeek; %65eko desgaitasuna edo handiagoa dutenek; bigarren edo hirugarren mailako mendekotasuna duten pertsonek; ikasleek; ikerketa akademikoetako edo administrazioaren talentu programetako parte hartzaileek; eta osasun arrazoiengatik egonaldiak egiten dituztenek eta haien laguntzaileek.
Proiektua batzar nagusietan tramitatzen hasiko da orain, eta oraingoz, PP da neurri hori babestuko ez duela aurreratu duen alderdi bakarra. Batzar nagusiek onartzen dutenean Arabako udalek ordenantza bat aurrera atera beharko dute 2027a baino lehen tasa kobratzeko. Beraz, tasa datorren urtetik aurrera ezarriko dela espero da.
Tasa turistikoa Araban
*Datuak eurotan. Prezio tartea eguneko eta pertsonako.
|
5 izarreko hotelak edo baliokideak |
2,50 – 5,00 |
|
4 izarreko hotelak edo baliokideak |
2,00 – 4,00 |
|
3 izarreko hotelak edo baliokideak |
1,50 – 3,00 |
|
2 izarreko hotelak edo baliokideak |
1,00 – 2,00 |
|
Izar bateko hotelak edo baliokdieak |
0,75 – 1,50 |
|
Pentsioak |
0,75 – 1,50 |
|
Apartamentu turistikoak. |
1,50 – 3,00 |
|
Kanpinak eta kanpatzeko beste toki batzuk. |
0,75 – 1,50 |
|
Nekazaritza turismoak. |
0,50 – 1,25 |
|
Landetxeak. |
0,75 – 1,50 |
|
Aterpetxeak. |
0,75 – 1,50 |
|
Turismo-ostatuko beste toki batzuk. |
1,50 – 3,00 |
|
Erabilera turistikoko etxebizitzak: |
|
|
Etxe osoak |
2,00 – 4,00 |
|
Logelak |
2,00 – 4,00 |