Itziar Neve da ESIko mediku zuzendari berria

Anakoz Amenabar 2026ko martxoaren 31

Itziar Neve da ESI Arabako mediku zuzendari berria. Argazkia: ESI ARABA

Ardura hori hartzen duen lehen emakumea da erakundearen historian.

Arabako ESI erakunde sanitario integratuak mugarria ezarri du antolakuntzan Itziar Neve Lete mediku zuzendari berri izendatuta. Martxoaren 27tik karguan dagoen erradiologoa ardura hori hartzen duen lehen emakumea da erakundearen historian.

Neve Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatua da EHUn, eta ibilbide profesional oparoa du Arabako Unibertsitate Ospitalean (AUO). 2011tik mediku adjuntu gisa aritu da Erradiodiagnostiko zerbitzuan, eta buruko eta lepoko patologian zein neurorradiologian aditua izateaz gain, irakaskuntzan eta ikerkuntzan ere nabarmendu da Bioaraba institutuan. "Azken bi urteetan erakundeko zuzendaritzaorde medikuan metatutako esperientziak eta Osasun Kudeaketako masterrak ospitaleko errealitatearen ikuspegi integral eta zeharkakoa eman diote", nabarmendu dute ESItik.

Zuzendari berriak Juan Timiraos neurologoa ordezkatu du karguan, eta bere kudeaketa "errealismoan eta zintzotasunean" oinarrituko duela adierazi du. Bere helburu nagusien artean zerbitzuaren jasangarritasuna eta kalitatea bermatzea dago, egiturazko alderdiak lehenetsiz. Horretarako, lidergo partekatuaren aldeko apustua egin du, "maila goreneko profesionalen talde baten babesarekin eta epe luzerako ikuspegi estrategiko batekin".

Bere ibilbide orrian, Nevek garrantzi berezia eman nahi die osasun langileen egungo egoerari eta beharrei. Aldaketa eta hobekuntza proposamenak planteatu ditu plantillak "ilusionatzeko" eta langileen errealitateari erantzuteko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago