Arabako argazki lan onena aukeratuko dute Aretxabaletako Udalak hirugarren urtez antolatu duen Argazkia.eus Euskal Herriko argazki topaketaren hirugarren edizioan. Orotara, Euskal Herriko lurralde bakoitzeko argazkilari bana aukeratuko dute 2026ko maiatzaren 9an Aretxabaletan emango dituzten sarietan. Horrez gain, herrikoen artean aurkeztutako argazki sorta onena aukeratuko dute ere. Bakoitzak 500 euroko saria jasoko du, eta bere argazki sorta Arkupe Kultur Etxeko auditorioan aurkezteko aukera izango du.
Euskal Herrian jaio edota bizi diren argazkilariek apirilaren 12ra arteko epea izango dute euren lanak aurkezteko. Horretarako, karpeta bat aurkeztu beharko dute honakoekin: argazki proiektua azaltzen duen PDF bat; beste bat, curriculum artistikoarekin; NANaren kopia bat edo jaioterria edo bizilekua Euskal Herrian duela ziurtatzen duen agiria; argazkiei dagokienez, 20 irudi solte bidali behar dira —JPG 1920px formatuan, alderik luzeenean eta 72ppp-ko bereizpemean—.
Konprimatu ondoren, karpeta argazkia.eus@gmail.com helbidera bidali beharko da WeTransfer bidez. Irabazleen izenak apirilaren 20an jakinaraziko dituzte.