Nekazaritza bertikaleko "puntako proiektua" saritu du aldundiak, Nekazaraba 2026 Sarien bitartez, ekoizpen eredu tradizionalak "birplanteatzen" duen proiektua izateagatik, eta "irtenbide iraunkorrak eta eraginkorrak" eskaintzeko lanean egoteagatik. Aldundiak nabarmendu du ernamuin freskoak ekoizteko ur kontsumo txikiagoko teknikez baliatzen dela enpresa, gutxieneko ingurumen aztarna duten sistemen bidez.
Oro har, labore bertikalak espazio itxietan egiten dira, eta teknika hidroponikoez baliatzen dira elikagaiak ekoizteko, landareek behar duten ura eta nutriente zehatzak eskainiz, substratu kopuru txikiarekin. Modu horretan, besteak beste, aukera dago muturreko eguraldiak edo izurriteek sortzen dituzten triskantzak saihesteko. Gurean oraindik asko zabaldu ez den teknologia da, munduko beste zenbait lekutan ez bezala. Ez dago zenbait ekologistaren kritikatik salbu; kasurako, Araban, beste proiektu handiago baten inguruko berriak zabaldu eta gutxira Arabako Ekologistak Martxanek horiek "frankenstein tomateak" zirela esan zuen.
Ez da izan Zigoitiko Zentro Soziokulturalean emandako sarietan aitortutako proiektu bakarra. Bertan "lehen sektorearen balio estrategikoa, landa garapenari egiten dion ekarpena, lurraldearen egituraketa eta enpleguaren sorrera" aintzatetsi nahi izan dute, aldundiaren arabera. El Toloñoren sortzaileetako bat den Mari Carmen Bargaño Elikagaien Bikaintasunaren kategorian gailendu da, "tokiko produktuarekiko konpromisoa" erakusteagatik. Loyola Martinez de Cañas Villabuenako mahastizainak egindako Belaunaldi erreleboa aitortu dute ere. Jesus Maria Frias Arkautiko Nekazaritza Eskolako zuzendariari Landa Garapenaren alorreko aitortza eman diote. Azkenik, Buruaga gaztandegiko Javier Aizpeolearen Ibilbide profesionala saritu dute.