kronika

Iñaki Viñaspre txapeldun

Ruben Sanchez 2026ko martxoaren 29a

"Aitarentzat ta zuretzat izan dadila txapela". Argazkiak: Arabako Bertsozale elkartea

Martxoaren 3ko elkarteak jantzi dio Viñaspreri txapela. Txalo luze-luzeak Santi eta Nura Martxoaren 3ko elkartearen izenean oholtzara igo eta txapela jantzi diotenean, jendea zutik. 

Oso final estuan nagusitu da Abetxukokoa eta bigarrenez jantzi du Arabako txapela. Unai Andak egin du bigarren. Bertsolari guztiek izan dituzte une ederrak eta oso puntu gutxiren aldea egon da seiren artean. Aretoan 800 lagun. Arabako Bertsozale Elkarteak "1000 baietz" kanpainatxoa egin du azken asteotan, beraz ia-ian geratu gara. Bestalde, giroa bero-beroa egon da, ikusmin handia saio osoan zehar.

Bertsolari bakoitzak bazuen bere pankarta era guztietako bultzada mezuekin. Batek bildu ditu txapelduna eta txapeldun ordea: "Eskerrak Viñaspreren kotxeari Unai Anda txapela zuretzat". Baina azkenean Zaballako Bertso Eskolak sinatutakoa nagustitu da: "Europa entzun Viñaspre txapeldun, ganbarak apurtu! Maite zaitugu Z.B.E.". Palestinan eraildako kazetariak gogoan pankarta jarri du Hala Bedik eta euskara borrokan bizi dela aldarrikatuz Mugimendu Sozialistak. 17:32, Arabako Bertsolari Txapelketako sintonia hasi da entzuten.

Martin Abarrategik lagunei eskaini die agurra, Maddi Agirre jokora etorrita,beti gogoratuko duen eguna izango duela. Unai Anda ez omen da ez Sisifo ez Camus, baina bide bat irudikatu nahiko luke. Aroa Arrizubieta mahaiburu jarri da afarian eta bertso-parrandetan aurreikusi ezin direnak onenak izaten direla nabarmendu. Peru Abarretegi anaiarekin oroitu, eta ondoan izaten dituenei bere petardokeriak jasateagatik. Iñaki Viñasprek gainerakoak edari moduan irudikatu eta bere burua "karajillo" izendatu du.

Zortziko Handian, azpimarratzekoak izan dira Unai eta Aroak egindakoa korrikako furgonetatik kantari, baina prentsan dauden jarrera txar batzuen gainean korrikan ibiltzen direnen pozarekin kontrastean... Unaik "Ze euskararen aurka borrokak oraindik biririk dirau", Aroak "Harro gaitezen alde daukagun guzti hori ikusita". Unaik gustura esango luke bozgorailutik sentitzen duena, baina "ez da komeni agian". Aroak: "Ez zait inporta PSOE eta Comisiones obreras, begira zenbat jende dagoen hemen korrika eta euskeraz". Kontsentsuaren garaia den arren "Ze guk aspaldi ikasi dugu gu borrokan bizi gara".

Peru eta Iñakirena ere goitik joan da. Nerabeak izan dira Martxoaren 3ko sarraskia eskolan landu eta hildakoen senideei gutuna idatzi behar dietela. Peruk bukatu du lehen bertsoa: "Horrenbeste eskubide oraindik kolokan [...] segiko dugu borrokan". "Peru, egin dezagun batera gutun luze eta mardula, jakin dezaten ez bizi arren oroitu behar dugula" erantzun dio Iñakik. Peruren azkena: "Transmisioa ez dela etengo eman dezakegu hitza". Eta Iñakiren azkena: "Andereñok dion erara, denborak ez du zauririk ixten ondo sendatu ez bada".

"Andereñok dion erara, denborak ez du zauririk ixten ondo sendatu ez bada".
Iñaki Viñaspre

Eskertu beharrean gaude hamarreko txikian izan diren gaiak, denak objektuekin ziren era bitxian kontrajarriak, eta bertsolariei kantatzeko gogoa piztu dietenak.

Maddiri eta Unairi, esaterako, kanta baten bi zati izatea egokitu zaie: Maddi estribilloa eta Unai gainerako estrofak, zein da zein baino garrantzitsuago: estribilloari epelak entzutea tokatu zaio "baina erdia zara larala-larala". Maddik autokritika egin du "Forma asko daukagu ta eduki gutxi". Unaik egurrean jarraitu du "Buruan sartzen zara ta gero ezin kendu, kendu ezin daitekeenak kaka ematen du". Baina Maddik mendekua hartu du "bera da Taylor Swift ta Nati Peluso, ta zu aldiz Zikuta ta Hodei Barroso".

Pertsona beraren bi zapi dira, Aroa muki zapia eta Peru fularra. Oporretako maletan ezagutu dute elkar.  "Zuk nik baino muki gehiago dauzkazu" bota dio Aroak. "Zu zaude ni aurretik jantzi ez nauelako". Peruk fuerte bukatu du "etxera nau eramaten ta zuk amaitzen duzu paperontzi baten". "Zikindu nahi ez badu erabil nazala, mantel gisara edo babero bezala" defenditu da Aroa. Peruren azkena: "Maletan egongo da bueltatzean tokia, ta ezagutuko dut zure ahizpa bikia".

Puntu erantzunetan Martini azkenak alde egin dio pixka bat eta hortxe galdu ditu puntu batzuk, bere beste biak eta gainerako bertsolarienak oso-oso txukunak.

Seiko motzean. Bertsolari guztiek asmatu dute nahiko ondo. Martin eta Unairi laneko bilera batean tinderrak match egin die. Martinek oso ona bota du bere aurrenekoa eta honela bukatu: "Lehen zitarako Unai ez dugu hau toki ederra" , Unairen erantzuna mundiala: "niri gogoa sartu zait ordu extrak egiteko". Martinek aurreko bertsoaldiari erreferentzia eginez: "Martinen boligrafoak beldurra ematen dit". Eta azkena: "Egingo dugu tita, Bihar goizeko zazpiretan da bigarrengo zita".

"Eta zu bakar-bakarrik ezin bazara atera, helduzaidazu eskutik egingo dugu batera".
Unai Anda

Maddi eta Peru gaztetan tatoo asko eginda, orain zahartzaroan ez daude oso politak. Umorez dinbi-danba ibili dira "Izter barnean beltz-beltza daukat Peru idatzita", "Nahiko lan daukat jartzen duena irakurtzeko ere", "Laser-tratamendua egin nahi baina aurreztuta nuen guztia finalean xahutu dut", "Kamisetarik ez dut kentzen nik iloben aurrean". "Sartu ziguten punta beti gaueko hiruretan ta bi ralla sartuta", "Sekula ez digu bizi duguna inortxok kenduko".

Iñaki eta Aroa ere zirikatzaile ibili dira kuadrillako baten kontura. Lagunak arte-erakusketa bat zabaldu du, haiek ez dute arteaz asko ulertzen. Aroak "Egin du marra bat hala, umetan bezala, baina esango diot pila bat gustatu zaidala", Iñakik "Bi marra eginda 'Askatasun bolada', gutxienean izenak jartzen nahiko artista da", Aroa "Bi mila euroan aurten, gure laguna artista bat da beste zentzu baten", "Esan behar bada dena, koadroak ez dira oso onak cateringa onena", "Artea dela benetan, sinetsi ez arren bertan, berak berdina pentsatuko du gure saioetan”, Aroaren azkena oso ona.

Bakarkakoetan, Iñaki eta Unai nagusitu dira, baina denak ibili dira puntuazioz eta ideiez oso ondo. 

"Unai, droga adikzioa gainditzea lortu zenuen baina zure lagun minak oraindik ez". Honela bota du "Beti ibili ohi ginen gu komunetan barrena (errep.), genioen zer da gerta dakigukeen txarrena?". "Eta zu bakar-bakarrik ezin bazara atera, helduzaidazu eskutik egingo dugu batera".

"Iñaki, zure bikotea giltzurrun baten zain dago, gaur jakin duzu zurea bateragarria dela". "Beldurra uruduritasuna, baina segitu nahi eraikitzen gu bion etorkizuna, bihotza aspaldi eman banion zer dugu ba giltzurruna?". "Nahiz den une bat iluna, galtzaile ta txapelduna, hartu ezazu merezi duzu eta nire guiltzurruna, hori ta askoz gehiago baita zuk ematen didazuna".

Buruz burukora artekoa oso estu joan da. Ez da egon bertsolaririk gaizki ibili edo pixka bat sufritu duenik eta hori oso pozgarria da ezagutu eta estimatzen ditugunontzat. Detaile txiki batzuek erabaki dute buruz burukora nor pasako den.

Buruz burukora Iñaki Viñaspre eta Unai Anda.

Iparragirreren doinuan ofizioa nahiko paretsu joan da. Iñaki Viñaspre oso fuerte hasi da lehenago bakarka tokatutako gaiari erreferentzia eginez ‒bikoteari giltzurruna eman dion laguna‒, batzuetan astroak ondo egokitu, eta holako opariak egiten dituzte ideietan. Duela gutxi hasi ziren elkarrekin lanean, eta ohartu dira pertsona beraren bikotea eta maitalea direla.  "Orain guztia damu, giltzurruna ez nion emango guzti hau jakingo banu" hasi eta hirukote bat egiteko ideiarekin bukatu dute: "Hobe dugu isiltzea zeren konpartitzea onena dugu benetan zu egon zaite astean zehar ta ni asteburuetan".

Bakarkakoan, alde pixka bat atera dio Iñakik Unairi. Gaia zuten azken aldian ikasi dutela gogoko ez duten leku edo pertsonekin ez dutela zertan ondo egon... Iñakik "Hori mamu matxista bat ta bestea pailazoa, hemen gustora banengo hor legoke arazoa". 

Azken agurrak

Martin Abarrategik aramaixoeraz bota du, oso-oso forma ederraz oso sakon sentitua aita hilari "gaur be euki zattxudanez onduen ez naz sentidu egundo".

Maddi Agirrek bertso eskolako kideei, familiari, martxoaren hiruari, "bidea ireki behar zaio etorkizunari".

Aroa Arrizubietak buruz burukora pasatu direnei, Zaballako bertso eskolakoei eta duela urte bat hil zitzaien aititari oso bertso hunkigarria.

Peru Abarrategik etxe batekoei bidali die agurra eta beretarrei ondoren, Martini bereziki, oso bertso gertukoa eta bi anaiak besarkatu dira.

Unai Andak bertso eskolakoei, pankarta politari eta zorionak Iñakiri. Gerra, faxismoa eta abarren aurrean borroka egiten dutenei eta "Piztu den iraultza grina ezingo dute itzali" amaiera eman dio gaur egin duen saio ederrari. 

Iñaki Viñaspreri Martxoaren 3ko elkarteak jantzi dio txapela. Txalo luze-luzeak Santi eta Nura Martxoaren 3ko elkartearen izenean oholtzara igo eta txapela jantzi diotenean, jendea zutik. 

Ze publiko ederra dugun
ta ze boskote itzela
egitan pentsatzen nuen
aukerarik ez nuela
martxoak 3 gogoan
denok gaur arte bezela
ta behin hasita hobeto
bota ezkero kartzela
ama etorri zait burura
ezin zen izan bestela
maite dut bere bisita
maite dut bere epela
ta nahiz aspaldian dugun
beste erdia joan zela
aitarentzat ta zuretzat
izan dadila txapela.

Puntuazioak

Iñaki Viñaspre (771,5) 1141
Unai Anda (766,5) 1124
Peru Abarrategi 749,5 
Aroa Arrizubieta 749 
Maddi Agirre 740,5
Martin Abarrategi 710 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago