7.200 alegazio aurkeztu dituzte Solariaren makroproiektuen aurka

Jon Hidalgo 2026ko martxoaren 26a

Eusko Jaurlaritzan aurkeztu dituzte makroproiektuen aurkako alegazioak. Argazkia: Araba Bizirik.

Zierbena Solar proiektu sortaren aurka agertu dira Arabako ia 30 eragile. Maiatzaren 23an "manifestazio masiboa" deitu dute Gasteizen, makroproiektuen aurka.

Arabako lurraldearen defentsarako plataformek, ingurumen taldeek eta nekazaritza sindikatuek 7.200 alegazio berri aurkeztu dituzte Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Solaria multinazionalak Araban garatu nahi dituen hemeretzi makrozentral fotovoltaikoen aurka. Alegazio hauek azken bi hilabeteetan egindako mobilizazioen emaitza dira, eta Arabako "herri mugimenduak landa eremuaren industrializazioari dion gaitzespen historikoaren jarraipena" dira, antolatzaileen arabera.

Plataformek eta sindikatuek, alegazioak aurkeztearekin batera, herritar guztiei egin diete dei maiatzaren 23an Gasteizen egingo den mobilizazio orokorrean parte hartzeko. Manifestazioa 18:00etan abiatuko da Bilbo plazatik, Makroproiekturik Ez lelopean, eta mobilizazio masiboa espero dute; ia 30 kolektibo batu dira deialdira Arabako eskualde guztietatik, lurraldearen defentsa sozializatzea eta makroproiektuen aurkako oposizioa indartzea helburu.

Deitzaileek gogorarazi dute azken urteetan 58.000 alegazio baino gehiago aurkeztu direla makroproiektuen kontra, izan eolikoak, fotovoltaikoak, AHTa edo Energia Berriztagarrien LPSa. Guztira, 65.000tik gora alegazio pilatu dira Arabako lurralde ereduaren inguruko gatazkan. Plataformek salatu dute Solariaren hemeretzi proiektuak ez direla banakako instalazioak, baizik eta makroproiektu bakar baten "zatiketa artifiziala". Haien arabera, zatiketa horren helburua da Estatuaren eskumena saihestea eta ingurumen eskakizun zorrotzagoak bete behar ez izatea.

Bizkaiko Zierbenaraino iritsiko litzateke proposatutako ebakuazio linea. Eragileek ohartarazi dute proiektuek eta ebakuazio lineek "kalte larriak eta atzeraezinak" eragingo lituzketela biodibertsitatean, paisaian eta osasunean. Bereziki nabarmendu dute lehen sektorearen arriskua, instalazioek 1.066 hektarea lur emankor okupatuko lituzketelako, gaur egun labore lur gisa erabiltzen direnak. UAGA nekazarien sindikatuak adierazi du proiektuak bateraezinak direla nekazaritza eta elikadura araudiarekin, eta zenbait kasutan desjabetze prozedurak ere aurreikusten direla salatu du.

Alegazio teknikoetatik harago, plataformek salatu dute makroproiektu fotovoltaikoak, datu‑zentroak eta plataforma logistikoak ez daudela benetako trantsizio energetikoaren zerbitzura, baizik eta "espekulazio pribatuaren" logikan kokatzen direla. Haien ustez, egungo eredua ez doa deskarbonizazio erreal baterantz, eta arriskuan jartzen du landa eremuaren etorkizuna. Eragileek azpimarratu dute borroka hau "etorkizuneko belaunaldiekin duten konpromisoaren parte" dela, eta herritarren erantzun irmoa behar dela lurraldea "poligono industrial erraldoi" bihurtzeko arriskuaren aurrean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago