Martiodako Faunaren zentroak 123 espezietako 1.022 animalia artatu ditu 2025ean, hau da, aurreko urtean baino 318 gehiago, eta zentroaren historian erregistratutako kopururik handiena. Hazkunde hori hainbat faktoreren ondorio izan daitekeela esan dute arduradunek, hala nola klima aldaketarekin lotutako muturreko fenomeno meteorologikoen gorakada, "ugaltze garaian kumeei bereziki eragiten diena", baita zentroa herritarren artean gehiago ezagutzen dela ere.
Jasotako animalietatik, 303 birgaitu eta naturan askatu ahal izan ziren, eta hegaztiak izan ziren gehienak, 821 ale; ondoren, ugaztunak, 90 animalia; eta narrastiak, 101 ale. Espezie ohikoen artean, sorbeltz arrunta, txolarrea eta basahatea nabarmentzen dira.
Batik bat habietatik txitak erortzearekin zerikusia dute harrera gehienek edo oraindik beren kabuz moldatu ezin diren ale gazteen istripuekin. 378 kasu dira guztira. Horiez gainera, leihoen aurkako talken edo harrapatzeen ondoriozko traumatismoak daude kopuru handian.
Soilik fauna basatia
Bestalde, gaur emandako datuen arabera, batik bat norbanakoek entregatutako animaliak dira Martiodan jasotzen dituztenak. "Horrek agerian uzten du herritarrek inplikazio handia dutela fauna basatiaren arretan", esan dute arduradunek. Halaber, zehaztu dute Martiodan ez dela etxeko animaliarik onartzen, "apoarmatu exotikoak izan ezik, eta, salbuespen gisa espezie jakin batzuk baldintza berezietan".
Udaberrian eta udan biltzen dira artatutako kasu gehienak.